Itxialdia eginen dute asteburuan Mañerun, euskal hezkuntza aldarrikatzeko

Nafarroako Euskararen Legearen arabera, herrian ezin da euskaraz ikasi, gehiengoak nahia agertu badu ere

Ander Perez Argote
Iruñea
2011ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Herriko guraso talde batek eta Sortzen Ikasbatuaz elkarteak deituta, itxialdia eginen dute asteburuan Mañeruko eskolan (Nafarroa), herrian euskaraz ikasteko eskubidea aldarrikatzeko.

Bihar, hain zuzen ere, 25 urte beteko dira Nafarroako Euskararen Legea onartu zenetik. Lege horren arabera, eremu erdaldunean dago kokatuta Mañeru, eta, hortaz, herriko umeek ezin dute euskaraz ikasi. Ekimenaren antolatzaileek adierazi dutenez, Lizarrerriko udalerri horretako populazioaren «gehiengoak euskaraz ikasi nahi zuen», baina legeak ez duenez horrelakorik onartzen, Nafarroako Gobernuak herriko eskola itxi eta beste herri batzuetara bideratu zituen ikasleak. Hala, «egunero errepidean bidaia egitera» bultzatu ditu gobernuak Mañeruko umeak, «horrek dakarren arrisku eta deserosotasun guztiekin». Eskolan eginen den ekimenaren bitartez, «indarra» eman nahi diote aldarrikapenari.

Izan ere, Euskararen Legea «iraganean oinarritutako legea» dela salatu dute, «euskarak ez dituen mugak ezartzen dituena». Edonola ere, lege horrek eragiten dituen «oztopoen gainetik» aldarrikapenari eusteko asmoa agertu dute Mañeruko gurasoek: «Gizarteak behin eta berriz adierazi du herri eta auzo guztietan euskaraz bizitzeko eskubidea baduela».

Kultur eskaintza zabala

Ostiralean hasi eta igandera arte iraungo du itxialdiak, eta hainbat ekitaldi izanen dira han. Horiek antolatzeko Mañeruko Udalaren lankidetza izan dute herriko gurasoek eta Sortzen Ikasbatuaz elkarteak.

Itxialdiari ostiral goizean emanen diote hasiera, 11:30ean, Porrotx pailazoaren emanaldiarekin. Asteburuan, besteak beste, herri kirolak, txalapartariak, poesia emanaldiak, karaokeak eta kontzertuak izanen dira.

Igandean bukatuko da ekimena, herri bazkari batekin. Horren aurretik, batzar bat eginen dute partaideek, eta Mañeruko Adierazpena deitu dutena aurkeztuko dute jendaurrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.