Gasteizko Gazte Mugimenduak jakinarazi duenez, pixkanaka jende gehiago batzen ari da. "Eredu asanblearioa hizpide izanik, garai haietan agerikoak izan ziren elkartasunezko eta elkarlanezko baloreak berpiztu" nahi dituzte.
1976ko martxoaren 3an izandako gertaerak gogoratzeko egin zuten manifestazioaren ondotik, Zaramaga auzoko San Francisco de Asis elizara sartzea erabaki zuten. Asanblada egin zuten orduan, eta apaizarekin hainbat tira-bira eduki ondoren, barruan geratzea erabaki zuten.
Horrela, duela 37 urte gertatutakoak gogoratu eta "herri osoaren oihartzunaren isla edukiko duen asanblada" egitea izan zuten xede.
Atzo 20:00 aldera 400 bat lagun bildu ziren. Ekimenaren aurkezpena egin eta aurrera begirako asmoak zehaztu eta mamitzen hasi ziren. Gazteek herritarren aldetik jasotako babesa ere nabarmendu dute: mantak, koltxoiak eta janaria eraman dizkiete. Laminaciones Arregui enpresako langileek, esaterako, gosaria eraman diete.
Beharrezkotzat ikusten dute "borroka hedatzea", ahalik eta gune gehienetan. Horregatik, antolatzeko eta borrokatzeko deia egin dute.