EUSKAL PRESOAK

Itxialdiko bigarren txanda abiatu du EPPK-k

Euskal Preso Politikoen Kolektiboko 62 kide itxialdian sartu dira estatus politikoa aldarrikatzeko

Erredakzioa
DONOSTIA
2005eko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK) aurrera jarraitzen du urtarrilaren 4an estatus politikoaren alde hasi zuen txandakako itxialdian. Espetxe urrunenetan dauden euskal presoekjarri zuten ekimena abian, eta atzo, gauerdian, Clairvaux, Nanterre, Osny, Puerto de Santa Maria, Almeria, Poissy eta Castelloko espetxeetan dauden 62 presoek hartu zuten txanda. Hartara, hilaren 23ra arte ziegatik atera gabe egonen dira preso horiek. Halaber, atzo espetxe guztietan propaganda ekimenak eginen zituztela iragarri zuen EPPK-k, «abiatzen den txandaren berri eman eta borrokaldiaren orokortasuna islatuz».

Txandakako itxialdiaren bitartez, «borroka dinamika iraunkorrari» hasiera eman zion EPPK-k hilaren 4an. Hurrengo hilabetetan Euskal Herrian, Galizian, Espainian, Frantzian, Belgikan, Erresuma Batuan, Quebecen eta Mexikon espetxeratuta dauden 700dik gora euskal presok mobilizazioari eutsiko diote euren «jatorri eta izaera politikoa» aldarrikatzeko eta «Euskal Herriak bizi duen gatazka politikoaren konponbidean euskal presoen kolektiboaren parte-hartzea inoiz baino beharrezkoagoa» dela azaltzeko. Preso politikoaren estatusa lortzeko asmoz EPPK-k zenbait urrats egin ditu azken bi urteotan. Bi urteko eztabaida prozesua garatu ondotik, EPPK-k etorkizunerako bidea zehaztu zuen eta horri eutsi diote azken garaiotan.

Presoen aldarrikapenekin bat egin du Batasunak

Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren aldarrikapenekin bat egiten duela adierazteko kalera atera zen atzo Batasuna. Iruñeko kartzelaren aurrean elkarretaratzea egin zuten Batasuneko 30 bat lagunek eguerdian. Estatus politikoaren alde, euskal presoak Euskal Herrira leloa idatzia zuen pankartari eutsiz ordu laurden eman zuten Batasuneko ordezkariek, tartean Joseba Permach eta Ainara Armendariz mahaikideek. Batasuneko ordezkariek ez zuten espetxe aurrean jartzeko aukerarik izan Iruñeko kartzelaren atera iritsi zirenerako Espainiako Poliziak tokia hartua zuelako. Bi furgoneta zain zituzten eta kartzela aurreko espaloian kokatu ziren poliziak. Batasunekoek pareko espaloian egin behar izan zuten elkarretaratzea.

Kolektiboak Euskal Herrian gatazka moldatzeko eta bake eskenatokia eraikitzeko zabaldu den prozesuan parte hartzeko eskubidea dutela aldarrikatu zuen Permachek. «Euskal Herriak une politiko historiko eta oso garrantzitsua bizi du. Aldaketa politikoaz eta bake prozesua zabaltzeko aukeraz mintzatzen ari garenean, euskal presoek eskubidea dute prozesuan egoteko», azaldu zuen.Prozesuaren partaide izan daitezen euskal presoak Euskal Herrira ekarri behar direla esan zuen Batasuneko ordezkariak eta eskatzen duten estatus politikoa emateko eskatu zuen. Ildo horretan, Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidenteari orain arte izan duen jarrera aldatzeko eskatu zion. «PSOEri orain arte mantendu duen jarrera baztertu eta azkartzen ari den prozesuan trabarik ez jartzeko eskatzen diogu», zehaztu zuen ezker abertzaleko kideak.

Euskal presoek txandakako itxialdia hasi zutenetik Batasunak egin zuen lehen protesta izan zen atzo. Hamar egunetik behin euskal presoek egiten duten txanda aldaketa bakoitzean protesta ekintzaren bat eginen dutela iragarri zuen Permachek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.