Iñigo Urkullu lehendakariak deituta, Labiren mahai politikoa bilduko da bihar, 16:30ean. COVID-19aren kontrako neurri murriztaileak gogortzea aztertuko dute. Hala adierazi du goizean Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, eta, albiste agentziek iragarri dutenez, hori bera da Labiren aholkulari batzordeak eramango duen proposamena: aurreko hamalau egunetan 100.000 biztanleko 400eko intzidentzia tasa duten herri eta lurraldeetan itxiera perimetrala berriro ezartzea eta ostalaritzaren ordutegia mugatzea.
Litekeena da, beraz, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zenbait tokitan itxita iristea Aste Santuko oporraldira. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak gaur goizean iragarri du COVID-19aren aurkako neurri murriztaileak «gogortzeko» aukera aztertzen ari dela; besteak beste, eztablezimenduen ordutegiak gehiago mugatzea eta udalerrien edo lurralde historikoen araberako konfinamendu perimetralak berriro ezartzea.
Horretarako, Babes Zibileko Planaren aholku batzordearen (Labi) bilerara deitu du biharko, 16:30erako. Urkulluk Eusko Legebiltzarreko atarian komunikabideei esan die aukeren artean dagoela Aste Santuan joan-etorriak murriztea, baldin eta koronabirusaren intzidentziak «goranzko joerari» eusten badio.
Birusaren transmisioaren datuak kezkagarriak dira oraindik ere, eta egoera aztertzeko bilera egin zuen atzo Labiren batzorde teknikoak; gaur ere batzekoa da. Asteon Jaurlaritzatik esan du ez zegoela Labiren aholku batzordera deitzeko asmorik, eta bere horretan utziko zirela Aste Santurako iragarritako neurri murriztaileak. Haatik, datuek nabarmen okerrera egin dutela ikusita, kezka nagusi da agintarien artean. Lehendakariak kazetariei egindako adierazpenetan gogoratu du alarma egoerak ez diela erkidegoei etxeratze ordua aldatzeko aukerarik ematen, eta intzidentzia handiko eremuetan ezin dituztela tabernak itxi, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren ebazpenagatik. Mi muga horiek aintzat hartuta, lehendakariak azpimarratu du aukeren artean dutela joan-etorriak murriztea eta espazio itxien ordutegiak aurreratzea.