Asteazkenean beteko dira hamar urte Guardia Zibilak Auzitegi Nazionalaren aginduz Euskaldunon Egunkaria itxi zuenetik. Itxieraren inguruan hitz egiteko, besteak beste, BerriaTBk mahai ingurua antolatu du datorren astearterako; 12:00etan izango da, eta BERRIA.INFOn ikusi ahal izango da zuzenean.
Gonbidatuen artean operazio horretan atxilotuetako bi izango dira: Martxelo Otamendi Egunkaria-ko zuzendari ohia eta Iñaki Uria kontseilari ordezkaria. Horiekin batera Lorea Agirre egongo da, Gezura ari du, Egunkaria-ren itxieraren kronika liburuaren egilea.
Beste bi zuzeneko, asteartean eta asteazkenean
Ez da eguneko zuzeneko bakarra izango. Asteartean 19:30ean Otamendik hitzaldia emango du Azpeitiko San Agustin kulturgunean, eta zuzenean ikusi ahal izango da BERRIA.INFOn. Orain dela hamar urte, otsailaren 19an, hitzaldia eman zuen herri horretan, atxilotua izan baino ordu batzuk lehenago, eta Agirrek bere liburuan kontatzen duen moduan, segika zituen jada ordurako guardia zibilak.
Otsailaren 20an, berriz, zuzenekoa Andoaingo Martin Ugalde kultur parketik eskainiko du BERRIA.INFOk. Itxieraren urteurrenaren ekitaldia zuzenean emango du BerriaTBk. 12:00etan egingo da, eta irekia izango da ikusi nahi duen orok ikusi ahal izan dezan. Joan ezin dutenek, berriz, BERRIAren webgunean ikusi ahal izango dute.