Itzal handiko abokatu eta politikaria

Juan Maria Bandres zendu da, minbizi baten ondorioz. Euskadiko Ezkerraren sortzailea 1970eko eta 1980ko hamarraldietan pertsonaia garrantzitsua izan zen Euskal Herrian, abokatu nahiz politikari gisa.

Koldo Aldabe.
2011ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Garun-isuri batek erretiratu zuen bizitza publikotik, duela hamalau urte. Urteak eman ditu Aita Meni ospitalean, eta atzo goizaldean eman zuen azken hatsa. Juan Maria Bandres Molet (Donostia, 1932-02-12; Donostia, 2011-10-28) pertsona esanguratsua izan zen, ordea, gaitzak jo bitartean.

Abokatu gisa egin zen ezaguna, 1960ko hamarkadan, TOP Ordena Publikoko Auzitegiak epaitutako hainbat etakideren defentsa egiteagatik; hiru hilabetez Euskal Herritik kanporatu ere egin zuten jardun horietan aritzeagatik, Meliton Manzanasen hilketaren ostean. Baina 1970. urtean ezagunago egin zen, Burgosko Prozesuan epaitutako etakideak defenditu zituen abokatu taldekoa izan baitzen, Castells, Etxebarrieta, Nabaskues, Ruiz Zeberio eta Ruiz Balerdirekin batera. Hain zuzen ere, Jokin Gorostidi eta Itziar Aizpuruaren defentsa egin zuen Bandresek.

ETAk garai haietan egindako bahiketetan bitartekari lanak ere egin zituen, familien eta talde armatuaren artean, baina 1977an,Javier Ibarra ETAk bahitutako enpresaburua Gorbeia mendian hilda agertu zenean, bitartekari lan guztiak alboratu eta ETArekiko harremana hautsi zuen.

Politikan ere bai

Orduan ohikoa zen gisan, lana militantzia politikoarekin uztartuta jardun zuen Bandresek. Haren kasuan bata eta bestea bereiztea zaila zen, gainera.

ETArekin harremana hautsi bazuen ere, 1977an Adolfo Suarezen UCDko gobernuarekin amnistia negoziatu zutenetako bat izan zen.

Euskadiko Ezkerra alderdia sortu zuen 1977an, Mario Onaindiarekin eta beste batzuekin, eta senatari izan zen Espainiako Senatuan 1977-79etan eta diputatu Kongresuan 1979-89etan. Euskal Kontseilu Nagusiko kide ere izan zen 1978an.

1981ean, Juan Jose Roson Espainiako Barne ministro zela,Bandresek eta OnaindiakETAko presoak gizarteratzeko plangintza negoziatu zuten Espainiako Gobernuarekin. Negoziazio horien ondorio gisa, ETA politiko-militarrak desegitea erabaki zuen 1982ko irailaren 30ean, ekintzaileen gizarteratzea onartu zuen eta haiek Euskadiko Ezkerran sartzea. Besteak beste, Kepa Aulestiak aukeratu zuen bide hori.

Zatiketa EEn

Euskadiko Ezkerra ez zen sekula izan indar nagusietakoa, baina gehiengoak osatzeko jokoan eragina izan zuen. Eusko Jaurlaritzan sartzea lortu zuen EAJ eta EArekin 1991. urtean.

Ordurako, baina, zatitzen hasia zegoen EE. Sozialisten ingurura lerrokatu nahi zuen sektore batek, eta EArekin besteak. Bandres lehenengoen taldean zegoen, Onaindiarekin batera.

EA Eusko Jaurlaritzatik egotzi zutenean hautsi zen EE. Bandresen sektoreak PSErekin bat egitea erabaki zuen 1993an, eta orduan sortu zen PSE-EE. Aulestiaren sektoreak, Auñamendik, Euskal Ezkerra osatu zuen. Bandresek, dena den, sartu eta bi urte baino lehenago utzi zuen PSE-EE.

Pepita Bengoetxearekin ezkondua, bi seme-alabaren aita zen Juan Maria Bandres. Gaur iluntzean egingo dute Bandresen aldeko hileta elizkizuna, Donostiako Parte Zaharreko San Bizente elizan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.