Madrildik iritsi zen albistea, 1981eko otsailaren 4an: ustezko bi etakide atxilotu zituzten. Handik bi egunera jakin zen nor ziren bi lagunak: Isidro Etxabe eta Joxe Arregi. Biharamunean, beste hamazazpi atxilotu zituzten; horiei esker jakin zen torturen ostean Arregik esandakoa: "Oso latza izan da". Atxilotu zutenetik bederatzi egunera hil zen Arregi, torturen ondorioz, Espainiako Poliziaren eskuetan.
Joxe Arregi kasua gogoratuz izenburupean solastu ziren herenegun Francisco Etxeberria auzi mediku, antropologo eta Aranzadi zientzia elkarteko presidentea, Iñaki Egaña historialari eta Euskal Memoria fundazioko presidentea, eta Maribi Arregi Joxe Arregiren arreba. Zizurkilean izan ziren.
Bideoa: Joxe Arregi kasua gogoratuz (Ander Gartzia).
[Youtube]http://youtu.be/r6KDNXRq0Jo[/Youtube]
Asteartea zen, 1981eko otsailak 16 zituen. Juan Kruz Unzurrunzaga Zizurkilera joan zen, Joxe Arregiren omenaldian parte hartzera. Han bururatu zitzaion egun hartan bertan gorpua hilobitik ateratzea eta argazkiak egitea, bertsio ofiziala erabat indargabetzearren. "Bixente Ameztoiri esan nion". Laguna zuen artista, izan ere. Horrela hasi zen torturak gurean utzitako argazki lazgarrienetako batzuen historia...
Bideoa: Joxe Arregiren torturaren argazkien egia (Lara Madinabeitia, 2005-05-24).
[Berriatb]http://www.berria.info/berriatb/553/[/Berriatb]
Ekitaldi gehiago
Gaur, 120 ordu dokumentala emango dute, leku eta ordu berean, eta solasaldia izango da ondoren. Bihar Harkaitz Cano idazlea eta Joxi Zabalaren arreba Pili Zabala izango dira Zizurkilgo kultur etxean. Twist inobela idatzi zuen Canok Zabalaren eta Joxean Lasaren kasua oinarri hartuta, eta egilearen nahiz familiaren ikuspuntutik jardungo dute, prozesuari buruz.
Igandean egingo dute urteroko ekitaldia Joxe Arregi plazan, 13:00ean. Aste osoan, torturak salatu zituen Mikel Egibarren erakusketa egongo da ikusgai kultur etxean bertan.