Ilunabarrean lortu dute sua itzaltzea Ulia mendian (Pasaia, Gipuzkoa). Suhiltzaileak han aritu dira lanean 15:15etik. La Platako itsasargiaren inguruan sortu da sua. Donostiako suhiltzaileek jakinarazi dute hamar hektarea erre direla; pinudia da gehiena. Oraindik ordu batzuetan han jarraituko dute larrialdi zerbitzuek, garrak berpiztu ez daitezen.
Soraurengo sutea kontrolpean dute
Nafarroako Gobernuak jakinarazi du kontrolpean dutela atzo arratsaldean Soraurenen (Ezkaba, Nafarroa) piztutako sutea. Alde egin dute dagoneko Espainiako Ingurumen Ministerioak bidalitako hamazazpi brigadistek eta hegazkin batzuek. Inguruko parkeetan lan egiten duten 28 suhiltzaile geratu dira bertan. Pinuak eta sastrakak kiskali ditu suak. Nafarroako Gobernuaren arabera, hamalau bat hektarea erre dira.
Atzo arratsaldeko seiak bueltan piztu zen sua, eta gauean larrialdi zerbitzuek ez dute lortu sua kontrolpean hartzea. Hiruko eskalan bigarren mailakotzat jo zuen Nafarroako Gobernuak, eta laguntza eskatu zion Espainiako Gobernuari. Iruñeko, Tafallako, Oronozko eta Zangozako suhiltzaileak bertaratu ziren garrak itzaltzera. Horrela, Nafarroako 58 suhiltzaile eta Espainiako Ingurumen Ministerioak bidalitako hamazazpi brigadista aritu dira sua itzaltzeko lanetan. Atzo arratsaldean bost helikoptero eta hiru ur hegazkin batu ziren larrialdi taldera.