Trafikoari dagokionez, Lapurdi da une honetan arazo gehien dituen herrialdea. Frantziako agintariek kamioi ibiltzea debekatu diete, eta, ondorioz, lehendik Lapurdi eta Gipuzkoa arteko muga inguruan, A-63an, pilatuta zeuden ehunka kamioiak, ez atzera, ez aurrera, egon dira. Ordubiak aldera eman diete abiatzeko baimena, baina horrek, auto ilara handiak sortu ditu mugaz bi aldeetara.Frantziako Polizia RN-10 errepidetik bideratu ditu autoak, eta bide hartan ere motel dabil trafikoa.
Kamioientzako galarazpen horren ondorioz, Gipuzkoan , A-8an, Lapurdiko muga inguruan pilaketa handiak sortu dira. N-1etik bideratzen ditu autoak Ertzaintzak, baina oso motel doaz.
N-1en, Etxegaraten , Irundik Gasteizko norabidean libre dute igarobidea ibilgailu guztiek, baina kontrako noranzkoan, Gasteiztik Irunerakoan, kamioiei debekatu egin diete ibiltzea. Gauza bertsua gertatzen da Irurtzun eta Andoain bitarteko A-15 autobidean: Nafarroaruntz bidea irekita dute kamioiek, baina ez, ordea, kontrako noranzkoan.
Araban , A-68 zabalik dago, baina arreta handiz gidatu behar da. N-240an, Gasteiz eta Legutio artean, berriz, kateak behar dituzte autoek, eta kamioientzako itxita dago. Halaber, bigarren mailako ia mendate guztiak itxita daude probintzia hartan.
Gipuzkoan , errepide sare nagusia zabalik dago ibilgailu guztientzat, baina kontu handiz ibili behar da. Gainera, Irun inguruan pilaketa handiak daude.
Bizkaian, Urkiola eta Biga mendateak itxita daude ibilgailu guztientzat.
Nafarroan , Urkiagako mendatea itxita dago, baina errepide sare nagusiko beste bideak zabalik. Dena den, han ere arreta handiz ibili behar da. Gainera, 7,5 tonatik gorako kamioiek ezin dute ibili N-1ean, A-15ean eta Iruñetik Behobiarako errepidean. Horrez gain, bigarren mailako errepide asko itxita daude: besteak beste, Belagua, Artesiaga, Urbasa, Huitzi, Orokieta, Goñi, Egozkue,eta Aralar.
Goizeko lehen orduan, Bilbo, Donostia eta Gasteizko sarreretan arazo handiak izan dira, ia guztiz blokeatzeraino, baina, piskanaka, bere onera etorri dira.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako errepideei buruzko informazio zehatza hemen .
Nafarroako errepideei buruzko informazio zehatza hemen.
Errepideetara atera aurretik, komenigarria da telefo hauetara deitzea: Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako informazioa jasotzeko 902 112 088 ra, eta Nafarroakoa eskuratzeko 900 400 100 era, eta Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoakoa biltzeko 05 59 52 56 31 era.
Hondarribiko aireportua itxita dagoen bakarra
Errepideetan ez ezik, beste azpiegitura batzuetan ere arazoak izan dira. Esaterako, aireportuetan. Momentuan, Hondarribikoa (Gipuzkoa) da itxita dagoen bakarra, baina goizeko lehen orduan, une batez, Loiukoa (Bizkaia) ere itxita egon da. Orain, atzerapenekin ateratzen dira hegaldi gehienak Loiu, Foronda (Araba), Noain (Nafarroa) zein Miarritzeko (Lapurdi) aireportuetatik.
Eusko Trenek eta Renfek ere arazoak izan dituzte, eta atzerapen batzuk gertatzen ari diren arren, egoera bere onera itzultzen ari da.
Ekaitza
Itzeleko arazoak sortu dituzte elurrak eta izotzak errepideetan
Bart gaueko elur ekaitzak arazo handiak sortu ditu Euskal Herriko errepideetan. Goizeko lehen orduan, nahasmena izugarria izan da errepide sare nagusian; besteak beste, N-1ean, A-8an. A-63an zein A-15ean. Une askotan, autoek ere arazo handiak izan dituzte bide horietan ibiltzeko, eta istripu txikien ondorioz, blokeatu ere egin dira. Halaber, Bilbo, Donostia eta Gasteizko sarreretan trafikoa etenda egon da lehen orduetan. Piskanaka, egoera bere onera joan da. Beranduago, Lapurdin, Hendaiatik Baionara bitartean, A-63an, izan dituzte arazo handiak Frantziako agintariek kamioiei ibiltzea debekatu diete-eta. Eguerdiko ordubietan eman diete abiatzeko baimena, baina, hala ere, trafiko arazo handiak daude oraindik inguru hartan. Nolanahi ere, trafikoari buruzko informazio zehatza jasotzeko deitu honako telefonoetara: Araba, Bizkaia eta Gipuzkoakoa 902 112088 zenbakian; Nafarroakoa, 900 400100ean; eta Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoakoa, 05 59 52 56 31ean. Gaur iluntzerako eta gauerako izotz handia dago iragarrita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu