Debako udalbatzak bilera izan du gaur, eta Itziar auzo udal bihurtzearen alde agertu da: aldeko zortzi boto izan dira, eta kontrako bost. Ez zegoen argi bozketan zer gertatuko zen. Alternatibak (bost zinegotzi), Aralarrek (zinegotzi bat) eta Itziar Herria Sortzen taldeak (zinegotzi bat) esana zuten proposamenaren alde egingo zutela. EAJk (hiru zinegotzi) eta Ezker Anitzak (zinegotzi bat) ezezkoa eman dute.
EAko bi zinegotziek, berriz, esana zuten ez zutela proposamena babestuko, baina batek alde egin du, eta besteak aurka. EAko zuzendaritzak eskatu zien auzo udal izateko proposamenaren alde egiteko, eta aurka eginez gero, neurriak har zitzaketela ohartarazi zien.
EAk arratsaldean kaleratutako ohar batean azaldu duenez, Iñaki Ostolaza Gipuzkoako EAko koordinatzailea Debako udalbatzan izan da, alderdiko bi zinegotziei babesa adierazteko. Emaitzarekin "pozik" agertu da, "herritarren nahiari erantzuna eman diolako".
"Deba eta Itziar elkarri bizkarra ematen 20 urtez aritu ondoren, orain, aukera dugu elkarrekin etorkizuna eraikitzeko, beti ere, herri beraren barruan", esan du.
Ostolazaren iritziz, Deban "pedagogia" egiteko garaia da: "Herritarrei azaldu behar zaie Itziarko auzo elkarteak zenbait eskumen administratibo dituela, baina beti Debako Udalaren menpeko izango dela".
Urteetako eskaria
Historia luzea du Itziarren eta Debaren arteko eztabaidak. Hamarkadatan desanexioa lortu nahian aritu dira Itziarko herritarrak, eta Itziar Herria Sortzen plataforma ere horretarako sortu zuten, eztabaida Debara eramateko. Baina urte luzeetan ez atzera ez aurrera geratu zenez eztabaida, eta ikusirik Gipuzkoan beste auzo batek —Ereñotzuk, Hernanin— auzo udalaren bidea hartu zuela, handik jotzea erabaki zuten.
Udalak iaz hasi zuen prozesua. Denon Herria izeneko plataforma bat sortu zuten, auzo udalaren alde, eta hainbat pertsona ezagunen babesa jaso zuten. Baina desanexioaren aurka izan diren alderdiek arazoak ikusi dizkiote auzo udala sortzeko prozesuari ere. Erakunde berriak hartu behar lukeen lur eremuarekin izan dira orain eztabaidak.
Auzo udalaren proposamenak barruan hartzen ditu Itziar bera, Itxaspe, Elorrixa, Mardari, Lastur, Endoia, Arbizkoa, Egia eta Arriola. Debako beste herritar batzuek Gora Deba plataforma sortu zuten, proposamen horren aurka. 1.200 herritarren sinadurak bildu zituzten. Auzo udala Itziarrek eta Itxaspek bakarrik sortu behar dutela azpimarratzen dute.
Auzia berriro ere geratzen ari zela sumatuta, Denon Herria plataformak herri galdeketa bat egin zuen maiatzaren 25ean, auzo udala sortzekoa den bederatzi gune horietan. Herritarren hiru laurdenek eman zuten botoa, eta %95ek eman zioten baiezkoa, lurralde horiek guztiak barruan hartuz. Debako lur eremuaren %92 inguru hartzen dute guztien artean.
Askotariko babesa
Denon Herria plataformak giza kate bat egin zuen joan den igandean, auzo udalaren hasierako proposamenari eusteko eskatuz. Manifestu bat ere egin dute, orain arteko bidea ez zapuzteko eskatuz, eta itziartarren iritzia errespetatzea galdeginez.
Jende ezagun askok eman dio babesa manifestu horri. Besteak beste, Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendariak, Joxe Azurmendi pentsalariak, Joseba Zulaika antropologoak, Ramon Agirre aktoreak, Andoni Egaña bertsolariak, Jagoba Arrasate Realeko entrenatzaileak, Ander Lipus aktoreak, Estitxu Eizagirre Argia-ko zuzendariak, Jon Maia bertsolariak, Itziar Ituño aktoreak eta Mikel Irizar Topaguneko presidente oihak eman diote babesa proposamenari.