Itziar auzo-udal izateko eskaera egin dute, herritarren %64ren babesarekin

Debatik bereizteko lehen saioa 1990ean egin zuen Itziarrek; «elkarlanerako gogoz» egin dute eskaera berria

mikel p ansa
Donostia
2009ko urriaren 28a
00:00
Entzun
«Duela hemeretzi urte ezezkoa eman zioten erakundeek banaketa txostenari. Ezezkoa eman eta beste irtenbiderik eskaini ez». Kexu dira Itziarko (Gipuzkoa) herritarrak. 1990ean aurkeztu zuten Debatik bereizteko txostena. Udalak eta Gipuzkoako Batzar Nagusiek atzera bota zuten. Harrezkero epaitegietan, Itziarren herri izaerari eusteko lanetan, eta Debako Udalean, ahal izan duten leku eta era guztietan saiatu dira Debatik bereizten. Hutsak izan dira orain arteko ahaleginak, baina eskaera berria egin dute: auzo-udala sortzea. Urriaren 20an sartu zuten eskaera Debako udaletxeko erregistroan, eta atzo eman zuten ekimenaren berri, hainbat jende ezagunen babesarekin. Itziartarren %64k sinatu dute proposamenaren alde.

«Duela hemeretzi urte ez zen jakin negoziazio bat aurrera eraman eta guztiontzako onargarria izango litzatekeen irtenbidea adosten», nabarmendu du IHS Itziar Herria Sortzen plataformak. Geroztik asko ikasi dutela adierazi dute, «jarrera onarekin» eta «elkarlanerako gogoz» aurkeztu dutela proposamena, Debarentzat eta Itziarrentzat, bientzat onuragarria delakoan.

Auzo-udalak badira Araban, Bizkaian eta Nafarroan. Gipuzkoan Ereñotzun eta Igeldon egin dituzte ahaleginak, baina oraindik ez dira gauzatu. Itziarkoa litzateke herrialdeko lehendabizikoa, sortzekotan. Proposamenaren arabera, Itziarko auzo-udalean sartuko lirateke Itxaspe, Elorria, Arriola, Egia, Mardari, Arbizkoa, Endoia, Lastur eta Kaskoa. Debako egitura administratiboaren barruan jarraituko luke Itziarrek, baina eskumen batzuk lortuko lituzke. Itziartarrek «legeak eskaintzen dituen eskumen guztiak» eskatu dituzte. Autogobernua «benetakoa» eta «osoa» izatea eskatu dute; aldaketa pixkanaka egitea proposatu dute, hala ere. Aurrekontuei dagokienez, debarrek adina jasotzea eskatu dute: «Ez dugu inolako pribilegiorik eskatzen». IHS plataformak eskua luzatu dio Debako Udalari: «Itziarrentzako aurrerapauso hauek Debari kalte egin gabe egin daitezke, auzo-udala elkarlanean, koordinazioan eta adostasunean oinarritzen delako».



Ekimenaren sostengatzaileak

Andoni Egaña (bertsolaria)

Joseba Zulaika (antropologoa)

Marino Lejarreta(txirrindulari ohia)

Aitor Osa (txirrindulari ohia)

Olatz Arrizabalaga (arraunlaria)

Izaro Etxaniz (arraunlaria)

Kandido Uranga (aktorea)

Gorka Aginagalde (aktorea)

Joxe Landa (meteorologoa)

Ibon Aranberri (artista)

Mikel Arrizabalaga (euskaltzalea)

Aitor Bilbao (enpresaria)

Bilabiar anaiak (trikitilariak)

M. Tere Odriozola (gai-jartzailea)

Juan Jose Manzisidor (apaiza)

Itziar Beristain (irakaslea)

Joan Mari Aizpurua (organista)

Alberto Gorritiberea(zinema zuzendaria)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.