EAE-ko hauteskundeak

Itziar Lopategi, Idoia Ibero eta Amparo Lasheras dira D3Mko zerrendaburuak

Askatasuna alderdi politikokoak, berriz, Daniel Campo, Jose Manuel Leunda eta Juan Jose Basterra dira. Lasheras kartzelan sartu zuen astelehenean Garzonek, Demokrazia Hiru Milioi eta Askatasunaren bidez ETAren aginduetara aritu delakoan. Rubalcabak dio "lotura garbia" dagoela Batasunaren eta Askatasunaren artean.

2009ko urtarrilaren 28a
16:51
Entzun
Demokrazia Hiru Milioi (D3M) hautesle plataformak aurkeztu ditu Eusko Legebiltzarreko bozetarako hautagaitzak eta, gaur EAEko Buletin Ofizialak argitaratu duenez, Itziar Lopategi, Idoia Ibero eta Amparo Lasheras dira haren zerrendaburuak Bizkaitik, Gipuzkoatik eta Arabatik hurrenez hurren.

Lasheras kartzelan dute astelehenetik, Espainiako Poliziak lehengo ostiralean atxilotu ondotik. Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak agindu zuen operazioa, ezker abertzaleko beste zazpi lagun ere atzeman zituzten, eta denak espetxera bidali zituen astelehenean, D3Mren eta Askatasuna alderdi politikoaren bidez ETAren aginduetara aritu direlakoan.

D3M hautesle plataformak 17.700 sinadura behar zituen hautagaitza aurkezteko, eta 47.000 lortu zituen.

Askatasunak ere aurkeztu ditu hautagaitzak, eta Daniel Campo (Bizkaia), Jose Manuel Leunda (Gipuzkoa) eta Juan Jose Basterra (Araba) dira haren zerrendaburuak.

PSOEk iragarri du Espainiako Fiskaltzak eta Estatuko Abokatuak D3Mren eta Askatasunaren aurkako helegiteak sartuko dituela. Gaur, berriz, Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuko Barne ministroak esan du "lotura garbia" dagoela Batasuna legez kanpoko alderdi politikoaren eta Askatasunaren artean.

Otsailaren 4an eta 5ean sartu ahal izango dira helegiteak. Kanpaina otsailaren 13an hasiko da eta martxoaren 1ean izango dira hauteskundeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.