Hondeamakinek ezustekoa eman diete gaur Zumaiako bizilagunei. Atzo hasi ziren Itzurungo hondartza Game of Thrones telesaila grabatzeko prestatzen, eta gaur, San Telmo azpira bideko petrila puskatu dute. Baleike.eus-ek jakinarazi duenez, langileei galdetu diete, eta haiek diote Gipuzkoako Foru Aldundiaren baimena dutela, eta baita Espainiako Gobernuaren Kosta Sailarena ere. Zumaiako Udalari ere galdetu diote, eta hark, hasieran ezer esan ez badu ere, oharra kaleratu du gero. Ez dela bere ardura azpimarratu du, baina gaineratu du harri horiek gizakiak jarritakoak direla, eta gaur egun ez dutela funtziorik.
Udalaren arabera, gaur goizean Kosta Saileko arduradun bat eta Gipuzkoako Diputazioko bat Itzurunen izan dira, petril hori botatzeak izan ditzakeen kalteak aztertzen. Gizakiak jarritakoak direla eta gaur egun ez dutela funtzio jakinik betetzen ebatzi dute, eta, beraz, handik kentzea erabaki dute. Hori bai, harriak gorde egingo dituztela ere esan dute, egunen batean berriz jarri nahi badira ere. Udalak gaineratu du Kosta Sailak bazuela harriak kentzeko asmoa lehen ere, eta telesailaren grabazioagatik aurreratu besterik ez dela egin.
Bideoa: Hondartza prestatzeko lanak. (Gorka Rubio / Argazki Press).
[youtube]https://youtu.be/1BYld4PoJQw[/youtube]