Ibarretxe planaren aurkezpena Eusko Legebiltzarrean

IU-EBren proposamen federalista eta Ibarretxerena kontrajarriak ez direla dio Matutek

IU-EB-ko bozeramaile Oscar Matutek Ibarretxeren proposamena eta IU-EBrena "desberdinak izanagatik, kontrajarriak ez" direla azaldu du Eusko Legebiltzarrean, EAEko lehendakariak goizean aurkezturiko planaren inguruko eztabaidaren lehen txandan: "Lehendakariaren proposamena eta guk proposatzen dugun atxikimendu libreko federalismoaren artean oinarri komun sendoak daude".

2003ko irailaren 26a
17:04
Entzun
Matuteren iritziz, "bai batak eta bai besteak Euskadi eta espainiar estatuaren arteko harreman sendoa bilatzen dute, autogobernuan sakontzea dute helburua, gatazkaren konponbidea lortze bidean egungo marko politikoaren aldaketa proposatzen dute eta autodeterminazio eskubidea aldarrikatzen, hau da, euskal herritarrek beraien etorkizunaz erabakitzeko duten eskubidea".

Egungo marko politikoa eta estatutoa bera aldatzeko beldurrik ez da izan behar Matuteren aburuz: "Gernikako estatutuak berak, estatutuaren berrikustea eta aldaketa aurrikusi eta onartzen ditu. Guk ez dugu estatutu gehiagorik nahi, estatuto berri bat proposatzen dugu, ahal dela estatuto berri federala".Matutek PPri eta PSOE-PSE-EEri eskatu die, "Ibarretxeren proposamenaren inguruko eztabaida ez dezatela eten. Eztabaida oztopatuz gero, frankismoaren osteko atzerabide politiko handiena litzateke eta".

Matutek hiru lerro estrategiko proposatu ditu eztabaidan aurrera egiteko: "Lehenik, kontutan izan behar Konstituzioak ez duela muga edo galga izan behar nork bere proposamenak mahai gainean jartzeko, eta guztiok egin behar ditugu gure ekarpenak. Bigarrenik, jarrera eta identitate ezberdinen arteko zubiak eraiki behar dira. Eta hirugarrenik, akorido-politikoa lortzeko gaitasuna izan behar da. Espainiar estatuak negoziatzeko gaitasuna izan behar du, eta euskal herritarrok erabakitzeko dugun eskubidea onartu".

Eztabaidan aurrera ez egiteko aitzakitzat ETAren jarduna jartzen dutenak oker dabiltzala azaldu du IU-EBko bozeramaileak: "Gernikako estatutua ETAren indarkeria garaian hitzartu zen, beraz, horrek ez du oztopo izan behar eztabaidatzeko". Herri galdeketa egiteko ordua iristean, "indarkeriarik ez egotea ezinbestekotzat" jo du era berean Matutek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.