IU-Ezker Anitzak lortutako emaitzekin pozik agertu zen Mikel Arana alderdiko buruzagia, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan ordezkaririk lortu ez badute ere. «Deuseztatu ezin izan duten bosgarren espazio gisa sendotu egin gara», esan zuen Aranak, atzo iluntzeko emaitzak baloratzean. Aurreko hauteskundeetan jasaten ari ziren boto galera geldiaraztea lortu dutela iritzi zion buruzagiak, eta joera hori geldiarazita, «inflexio puntu bat» jartzea lortu dutela nabarmendu zuen. 43.000 boto atera ditugu, udal eta foru hauteskundeetan eta autonomikoetan baino nahikotxo gehiago».
Aranaren ustez, emaitzek IU-Ezker Anitzaren apustua indartzen dute, eta orain are gehiago sendotzeko lan egin beharko dutela esan zuen. «Aurrerantzean,lanean jarraitu beharko dugu, ezker alternatibo eta eraldatzaileko jendea batzen jarraitzeko».
Nafarroan, berriz, 2008an IUN-NEBek baino 7.000 boto baino gehiago lortu ditu Izquierda-Ezkerrak, alderdi horrek eta Batzarrek elkarrekin osatutako koalizioak: orain lau urte 11.098 boto lortu zituen alderdiak, eta koalizioak, berriz, 18.200 boto emaile baino gehiagoren babesa jaso zuen atzo hautestontzietan. Hala ere, aurreko hauteskundeetan gertatu bezala, oraingoan ere ez ziren nahikoak izan Espainiako Diputatuen Kongresuan ordezkaririk lortzeko.
UPD, emaitzekin pozik
Hego Euskal Herrian ordezkaririk lortu ez zuen arren, UPDk lortutako emaitza orokorrekin oso pozik agertu zen Gorka Maneiro legebiltzarkidea ere. «Erabateko arrakastatzat» jo zituen, eta alderdiak hauteskundeei begira ezarria zuen helburua «bete» dutela gaineratu. Espainian diputatu batetik bostera pasatzea lortu dutela eta «Euskadin boto kopurua bikoiztu» egin dutela nabarmendu zuen. «Poza oso handia da, oso argia, eta uste dut hilaren 21etik aurrera bataila politiko handia eman ahal izango dugula».
Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Alderdien balorazioak
IU-Ezker Anitza «bosgarren espazio gisa» sendotu dela dio Mikel Aranak
Izquierda-Ezkerrak 2008an baino 7.000 boto gehiago bildu ditu Nafarroan, baina ez du ordezkaritzarik lortu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu