IU: «Ideiak legez kanpo uztea arriskutsua izan daiteke»

Odon Elorzaren ustez, ezin da ukatu jende askok alderdi abertzale eta independentista bat eskatzen duela

Samara Velte.
2011ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernua eta Auzitegi Gorena Sortu legez kanpo uzteko lanetan ari diren arren, kontrako mezuak datoz alderdi politikoetatik. IUko koordinatzaile nagusi Cayo Larak, esaterako, Sortu legeztatzearen alde hitz egin du, horrek ETA «azkarrago» desagertzea ekarriko lukeelako.

Ideia politikoak debekatzea «arriskutsua» izan daitekeela ere ohartarazi du: «Kontuz ideiak legez kanpo uztearekin, indarkeria gaitzetsi ez duen jendea ilegalizatzearekin. Hemen badira indarkeria gaitzetsi ez dutenak, diktadurako indarkeria edo Irakekoa, esaterako. [...] Horregatik, kontuz ibili behar dugu ilegalizazio horiekin, eremu arriskutsuan sartzen baikara».

Antzeko ildotik jo du Donostiako alkate Odon Elorzak ere: Espainiako Fiskaltzaren eta Poliziaren txostenetan ageri den jarrera okerra dela esan du, «espekulazioak eta aurreiritziak» erakusten dituelako. Elorzaren ustez, aurreiritzirik gabe baloratu behar litzateke Sortu egiten ari den ahalegina legezko bihurtzeko.

Haren esanetan, ukaezina da badela «abertzalea eta independentista izango den alderdi bat eskatzen duen hautesle-masa bat». Bere ustez, Sortuk legezkoa behar luke. Hala ere, «ona da epaileak izatea erabakia hartuko dutenak, objektiboki eta behar bezalako orekarik gabeko txostenek eragin gabe».

Sortu eta Batasunaren arteko loturari buruz esan du badagoela jarraipen bat, eta bere ustez eskuin frankistarekin gertatu zenarekin alderatu du: «Hura birziklatu egin zen, eta 1979ko hauteskundeetara aurkeztu. Orduan ba al zen jarraipenik? Bistan da baietz, baina bazegoen garai berrietara egokitzeko nahia ere».

Oscar Rodriguezek, Eusko Legebiltzarreko PSE-EEko idazkari nagusiak, Poliziaren txostenen alde egin du. Sortu hauteskundeetan egotea gustatuko litzaiokeela, baina hori «justiziaren esku» dagoela esan du. Halaber, EAJ eta PPri galdegin die sententzia onartzeko.

Beldurraren ondorio

Ezker abertzaleko kide Tasio Erkiziak gogor salatu du instituzioak Sorturekiko erakusten ari diren jarrera, «estatuko eredu politiko eta soziala kolokan jartzen duen edozein aukerari» bidea itxi nahi diotelako. «Aresek beldur handia dio sortzen ari den garaiari», esan du. Horren adierazletzat jo du EAk eta Aralarrek atxiloketekin amaitzea eskatzean sortu den «erreakzio histerikoa». EAJri, Espainiako estatuari «men» ez egiteko eskatu dio, eta torturaren aurkako jarrera hartzeko exijitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.