Amaiurrek berez ez ditu baldintza denak betetzen Espainiako Kongresuan talde parlamentarioa izateko, Nafarroako botoen ehuneneko txiki bat falta zaiolako, baina Cayo Lara IUko koordinatzailea prest azaldu da hari laguntzeko, taldea izan dezan. Larak aipatu du beste legealdiren batean IU antzeko egoeran izan zela eta besteen laguntza jaso zuela Kongresuan taldea eratzeko.
Araudiak aukera batzuk aurreikusten ditu taldea osatzeko. Lehena, hamabost diputatuk osatzea, baina bada beste aukerarik: hautagaitzak aurkeztutako hautesbarrutietako botoen %15 jasotzea; edo estatu osoan emandako botoen %5 lortzea. Amaiurrek %15eko babesa lortu zuen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, baina Nafarroan %14,86koa.
UPDk —estatuan %4,69 lortu zuen— eta Amaiurrek talde propioa izateko aukerak ezberdin tratatu behar direla esan zuen Esteban Gonzalez Pons PPko komunikazio idazkariordeak lehengo astean. 2004an ERCrekin malgua izan zen Kongresua, baldintzak bete ez arren taldea izan zezan.
Pello Urizar EAko idazkari nagusiak gaur adierazi du Amaiurri ez badiote uzten talde parlamentarioa osatzen, koalizioak ekinbide judizialak hasiko dituztela.
Azaroaren 20an izan ziren Espainiako bozak, eta PPk gehiengo osoa eskuratu zuen. Amaiurrek, zazpi eserleku Kongresuan —Hego Euskal Herrian, gehien—.