Ivan Iturricastillo: "Debaluazioan oinarrituta aurrera ateratzea suizidio kolektibo bat da"

2013ko urriaren 11
01:32
Entzun

Ivan Iturricastillo EHUko Finantza Ekonomiako irakaslearen (Bergara, 1974) ustez, Madril eta Bruselaz neurri barik ari dira ezartzen barne debaluazioa, eta epe ertainera kaltegarritzat ikusten du euskal ekonomiarentzat.

Krisiari buelta emateko aukera bakarra da barne debaluazioa?

Ez. Europa osoak du arazoa, ez soilik estatu batzuek, eta ondo daudela uste dutenak eta egoerari etekina ateratzen ari direnak ere ez daude hain ondo. Barne debaluazioaren aukera ez da bakarra, baina horren alde egin dute.

Zergatik?

Dirua dutenei interesatzen zaielako. Ekonomian beti erabaki behar da neurriak zeinentzat diren. «Nondik aterako gara krisitik? Zeinek lortuko ditu etekinak aterabide horri esker?». Azken batean, debaluazioak dirua edo finantza inbertsioak dituztenak babesten ditu. Etxebizitza batean inbertitu duenak, haren balioa hondoratzean, dirua galduko du, baina zor publikoan edo finantza aktiboetan inbertitua dutenek babestuta ikusten dute euren dirua. Finantza espekulatzaileentzat ari gara lanean.

Zeintzuk dira barne debaluazioaren ondorioak?

Soldatak jaistea. Lan erreforma horretarako egin du Madrilek. Soldata guztiak eta soldata horiei lotutako prezio guztiak jaisten direnean lortzen da zure prezioak jaistea eta atzerrira gehiago saltzea. Baina arazoa da ez liratekeela soilik soldatak jaitsi behar. Ez da logikoa, adibidez, soldatak jaitsi eta argindarra igotzea, sektore osoak eta familiak hondoratuz. Eta hori guztia, salbatu behar gaituzten eta mana ekarri behar diguten atzerriko inbertsio horiek babesteko.

Esportazioen aldeko apustuak barne ekonomia bazter uztea esan nahi du?

Argi eta garbi. Debaluazioak pobreago egiten gaitu, txinatarrekin lehiatzeko. Epe laburrera, merkeagoak izatea izan daiteke aterabide bat. Baina, epe ertainera, debaluazioan oinarrituta aurrera ateratzea suizidio kolektibo bat da. Ez badaukagu balio erantsia sortzen duen ekonomia eta kontsumo minimorik, ez dugu lortuko soldata onak sor ditzaketen kalitatezko esportaziorik.

Soldatak neurrian jaistea, baina, ez duzu txarto ikusten.

Soldatak jaitsiz, irabaz daiteke lehiakortasun pixka bat atzerrira begira. Baina apustu bakarra ezin da hori izan. Ados, jaits ditzagun soldatak apur bat, ez jaisten ari diren beste, baina aldi berean inberti dezagun hezkuntzan, garapenean, ikerketa eta berrikuntzan. Euren aukera bakarra soldatak txikitzea da, eta hori ez da ona ekonomiarentzat.

Epe laburreko estrategia ala epe luzekoa da debaluazioarena?

Debaluazioari etekina ateratzen diotenek luzerako izatea nahi lukete. Berlinen estrategia hori du aspalditik. Alemania ondo dabilela esaten da, baina gero eta alemaniar gehiagok diote txiroak direla. «Ekonomia ondo doa, langabezia tasa txikia da, baina denok ditugu minilanak», esaten dute. Agian hori da helburua, gu alemaniartzea edo estatubatuartzea. Munduko herrialde aurreratuenen ereduetara joatea. Gizarte horiek, ordea, ez dute horrenbesteko ongizaterik.

Euskal ekonomian esportazioek pisu handiagoa izan dute Espainiakoan baino. Barne debaluazioak nola eragiten dio?

Hemen denbora asko daramagu esportatzen, besteak beste, soldatei eutsi diegulako. Espainiako batez bestekoa baino handiagoak izan dira gure soldatak, baina ez dira ahal bezainbeste igo. Eta, aldi berean, urteetan ikerkuntzan inbertitu dugu, industriaren aldeko apustu argia egin dugu, Espainian ez bezala. Gure esportazioen gakoa ez da merkeak izatea, kalitatezkoak izatea baizik. Euskal enpresak espezializatu egin dira, balio erantsia eskaintzen dute.

Baina Madrilen legediaren ondorioz, euskal langileen soldatak ere behera doaz. Zer eragin du?

Enpresa esportatzaileek lehiakortasuna galtzeko arrisku txikiagoa dute, baina euskal barne ekonomiari kalte egiten ari zaio, kontsumoa txikitzen ari delako. Espainia baino hobeto geunden krisi aurretik, baina errezeta bera ezartzen badigute, txarto amaituko dugu. Pobrez betetako herrialde industrial bat izango gara. Kontsumitzeko dirurik ez badaukagu, kapitalaren mozkinentzat ari gara lanean.

Madril, berriz, susperraldia iragartzen ari da. Zer deritzozu?  

Zantzu positiboa duten zenbaki handiek ez dute errealitate soziala erakusten. Ona da superabit komertziala izatea? Jakina. Barne debaluazioa lagungarria da horretarako? Jakina. Kontua da amaigabeko debaluazio prozesu bat ezartzen ari dela. 

Ba al du alde onik debaluazioak?

Zerbait lehiakorrago bilaka dezake Espainia. Baina susperraldiaren iragarpena gehiegi ari dira puzten. Espainia ez zen herrialde bereziki garestia. Lan kostuak ez zeuden EBko batez bestekoen gainetik, oso azpitik baizik.

Arazoa, beraz, eredu produktiboa da.

Erabat. Espainiako eredu produktiboak oso txarrak ziren krisi aurretik, eta langileko eta orduko produktibitatea txikia zen. Halere, ez da berdin goi teknologiako enpresa batean ordubete lan egitea edo ordubetez kristalak garbitzen aritzea. Munduko kristal garbitzaile onena bazara ere, zure produktibitatea oso mugatua izango da, ez duzulako balio erantsirik sortzen. Besteak beste, horregatik dute produktibitate gutxiago Espainiako langileek, balio erantsirik sortzen ez duten lanetan dabiltzalako.

Zein da zure errezeta?

Soldatak horrenbeste jaitsi beharrean inbertitzea hezkuntzan, ikerketan eta garapenean. Hori eginez gero, hogei urte barru aterako gara krisi ekonomiko eta sozialetik. Debaluazioarekin proposatzen digutena ere krisitik hogei urte barru ateratzea da, baina askoz pobreago. Europa zelan atera behar da zulotik, txinatarrak baino merkeago ekoitzita ala haiek baino hobeto ekoitzita? Ez da aukera erraza, baina bigarren erantzuna da onena.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.