politika

Izagirre: "Asko egin daiteke beste maila batean hartzen diren erabakien zain egon gabe"

Bihar eta etzi Bakearen Aldeko Alkateen Nazioarteko Konferentzia egingo dute Donostian, Kursaalean. Munduan gatazkak bizi izan dituzten edo ari direnen esperientzia euskal alkateekin partekatzeko aukera emango du. Bestalde, Biktimen eta Giza Eskubdeen zuzendari Monika Hernando izango da Eusko Jaurlaritzaren ordezkaria konferentzian. Hemen egitaraua.

Juan Karlos Izagirre. JON URBE, ARP
2013ko urriaren 9a
15:12
Entzun

Hogeita hamar alkate eta instituzioetako ordezkari izango dira bihar eta etzi Donostian, horien artean Belfasteko eta Boyseko alkateak, eta berrehun parte hartzaile, haiek esandakoa entzuteko prest. Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan eman ditu xehetasun guztiak. "Lanpetuta" dago, baina "ilusioz", horrelako ekitaldiek "ekarpen handia" egin diezaiokete-eta bakeari.

Irlanda, Kurdistan, Nikaragua, Siria, Italia eta beste hainbat herrialdetatik etorriko dira ordezkariak. Munduan diren prozesu, arazo eta irtenbideak mintzagai izango dituzte. "Aniztasuna" egongo da dudarik gabe, ideia trukaketa, eta "hausnarketarako eta ideia berriak sortzeko aukera". Izagirre konbentzituta baitago udalerrietatik "asko" egin daitekeela bakearen eta elkarbizitzaren alde, maila goreneko politikariek egiten dutenaren menpe egon gabe. "Herria politikaren aurretik dago beti".

Auzi guztietan den alderdi gatazkatsuenaz ere "luze" mintzatuko dira: biktimez. "Zauriak itxi nahi baditugu, lana egin beharko dugu denen artean, sufrimendu guztiei begira".

"Intoxikazio politikoa"

Kritikak jaso ditu Donostiako Udalak alderdi guztietako ordezkariak ez direlako egongo konferentzian, baina denak egoteko borondatea duela berretsi du Izagirrek: «Alkate guztiei bidali zaie gonbidapena, baita udaleko alderdi guztietako kideei ere, eta nahi duenak ateak irekiak izango ditu azken egunera arte». EAJko ordezkariek parte hartuko dute, baina PPkoak ez dira bertan egongo, eta PSE-EEtik Jose Antonio Santano Irungo alkatea baino ez.

Izagirrek azalpen hau eman dio ezezko horri: "Intoxikazio politikoak indar gehiegi dauka oraindik, baina aldatuz joango da hori". Bakea eraikitzeak "jarrera aktiboa" behar duela uste du, batetik eta bestetik.

Bestetik, Biktimen eta Giza Eskubdeen zuzendari Monika Hernando izango da Eusko Jaurlaritzaren ordezkaria bihar eta etzi Donostian egitekoak diren bake konferentzian.

Mayors for Peace

Ostegunean hasiko da konferentzia, Aieteko Bakearen Etxean. Alkateak harrera instituzionala egin ostean, Hiroshimako alkate eta Mayors for Peace erakundearen lehendakari Matsu Kazumik ere agurtuko ditu bideoz hizlariak eta gonbidatuak. Gipuzkoako ahaldun nagusi Martin Garitanok, Eusko Jaurlaritzaren ordezkari batek —zehaztu gabe dago nor izango den—, Mayors for Peace erakundeko kide Michel Cibotek eta konferentziako ohorezko kide Vicente Zaraguetak ere hartuko dute hitza. Mairtin O Muilleoir eta Carlos Villan Duranen hitzaldiek itxiko dute Aieteko ekitaldia, eta Kursaalean izango dira ondorengo lau mintegiak, Lourdes Perez Diario Vasco-ko erredakzioburuak eta Arantzazu Zugasti Noticias de Gipuzkoa-ko zuzendariak, Iñaki Soto Gara-ko zuzendariak eta Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendariak moderatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.