Urko Izagirre espetxeratzeko agindu du Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fernando Andreu epaileak; harekin batera atxilotutako Enrique Noya, berriz, aske utzi du, bi astean behin auzitegira agertzeko eta Espainiako Estatutik ez ateratzeko baldintzarekin, AAMren arabera. Biek ukatu egin dute leporatu dietena. Urko Izagirrek epailaren aurrean salatu du Espainiako Poliziak tratu txarra eman diola inkomunikazio aldian. Behartutako posturak eginarazi dizkiotela, kolpeak jaso dituztela eta mehatxatu egin dutela kontatu dio epaileari. Atxiloaldiaren lehen egunean izan zen hori, AAMren arabera.
Urko Izagirre eta Enrique Noya arratsaldean eraman dituzte Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Fernando Andreurengana. Izagirre eta Noya asteartean atxilotu zituen Espainiako Poliziak, Izagirre Getxon (Bizkaia) eta Noya Bilbon. Ordutik inkomunikatuta izan dituzte, baina torturen aurkako protokoloa ezarri zien Andreu epaileak. Horrenbestez, konfiantzako medikua ikusteko aukera izan beharko zuketen eta inkomunikatuta dauzkaten bitartean bideoz grabatu beharko zituzketen.
Polizia iturriek joan den astean Katalunian atxilotutako Adur Aristegi eta Jon Rosalesekin lotu ditu Izagirre eta Noya; haiei atentatu bat egiteko laguntza ematea leporatzen diete, zehazki, furgoneta bat uztea. Laurak lankideak ziren. Aristegik eta Rosalesek inkomunikatuta izan dituzten bitartean tortura gogorrak jasan dituztela salatu dute, besteak beste, erratz baten kirtenarekin bortxatzeko saioa jasan zutela.
Izagirreri eta Noyari torturaren aurkako protokoloa ezarri dieten arren, AAM Amnistiaren Aldeko Mugimendua mesfidati agertu da, protokolo horren pean izan diren zenbait atxilotuk torturak salatu baitituzte.
Atxiloketak
Izagirre espetxeratzeko agindu du epaileak, eta Noya askatzeko
Asteartean atxilotu zituen Espainiako Poliziak, egun batzuk lehenago Katalunian atzemandako Adur Aristegi eta Jon Rosalesekin lotuta. ETAri laguntza ematea egozten diete. Izagirrek tratu txarrak salatu ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu