Udal eta FORU HAUTESKUNDEAK

Izagirre: "Garrantzitsuena proiektua da, ez nik zer egingo dudan"

Juan Karlos Izagirrek prentsaurrekoa eman du hauteskundeen inguruko balorazioa egiteko. Azken lau urteetan Donostiako alkate izan denak ez du uste lau urte hauetan gauzak gaizki egin dituztenik. "Proiektu hau errotu egin da, botoa besteek aktibatu arren".

Juan Karlos Izagirre, bozen osteko agerraldian. JUAN CARLOS RUIZ, ARGAZKI PRESS
2015eko maiatzaren 25a
08:07
Entzun

Ezusteko handirik ezean, Juan Karlos Izagirreren (EH Bildu) lekukoa Eneko Goiak (EAJ) hartuko du Donostiako alkatetzan. EH Bildu, lehen indarra galduta, hirugarren indarra da orain Gipuzkoako hiriburuan, eta Izagirrek agerraldia egin du gaur goizean, hauteskundeen inguruko balorazioa egiteko. Haren esanetan, "errotu egin da" EH Bilduren proiektua, "botoa beste batzuek aktibatu arren". Dimisioa emango ote duen galdetuta, Izagirrek adierazi du "garrantzitsuena" proiektua dela, "ez Izagirrek zer egingo duen": "Erakutsi dugu beste eredu bateko Donostia posible dela".

Donostian EAJren zerrenda nagusitu zen atzo, 29.029 boto eskuratuta (botoen %29,65). PSE-EE izan zen bigarren indarra hiriburuan, 24.007 botorekin (%24,52), eta hirugarren indarra da EH Bildu; aurreko hauteskundeetan Bilduren zerrendak baino mila boto pasatxo gutxiago jaso baditu ere, portzentualki lau puntu inguru gutxiagoko babesa lortu du —21.110 boto lortu zituen 2011n, eta 20.467 boto orain; hala, %24,96ko babesetik %20,91ra—.

Udal gobernuan aldaketa izango da, beraz. Zortzi hautetsirekin agintean egon da, baina sei zinegotzi izango ditu aurrerantzean EH Bildu koalizioak. Jeltzaleek, berriz, boto kopurua ia bikoiztuta eta bederatzi hautetsirekin hartuko dute aginte makila, 2011ko udal hauteskundeetan baino hiru gehiagorekin. Orain lau urteko bozetan laugarren indarra izan ziren jeltzaleak. PSE-EEk orain arteko ordezkari kopuruari eutsi dio, eta zazpi zinegotzi izango ditu heldu den legegintzaldian ere.

PPk, berriz, herrialdeko joerari jarraitu, eta beherakada nabarmena jasan du hiriburuan ere: 7.000 boto gutxiago jasota, orain arteko ordezkaritzaren erdia galdu du, eta sei hautetsi izatetik hirura pasa da.

Aurrerantzean indar politiko berri bat ere izango da udalbatzarrean: Irabazi Donostiak 6.947 boto lortu ditu bere estraineko aldian (babesaren %7,10), eta bi zinegotzirekin sartuko da Udalean. Beste hautagaitza batzuek, ordea, ez dute ordezkaritzarik lortu, PlaZ!, C's eta UPDk, kasurako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.