euskal herria

Izan direnei gorazarre

Askatasunaren bila "dena eman dutenei" omenaldia egin diete Azpeitian. “Egia, herri memoria, askatasunarekiko konpromisoa eta konponbide justua gure besoak eta hankak izango dira", esan du Joxean Agirrek.

Oihana Elduaien Uranga.
2012ko irailaren 29a
19:09
Entzun

Euskal Herriaren historian, “eskuzabalak” izan eta askatasunaren bila “dena eman dutenei” omenaldia egin diete Azpeitian, frontoi bete jendek. Egia behar dute, eta egia aldarrikatzen dute, Joxean Agirrek esan duenez: “Egia, herri memoria, askatasunarekiko konpromisoa eta konponbide justua gure besoak eta hankak izango dira. Oroimenetik konponbidera eramango gaituztenak”.

“Askatasun demokratikoak konkistatu nahian, errepresioaren eta ukazioaren kolpeei duintasunez aurre egin zieten guztiak” omendu dituzte gaur arratsaldean Izarraitz pilotalekuan. 36ko gerran hildakoetatik hasi, frankismoan “dena eman” zutenetatik pasatu eta 1975eko irailaren 27an fusilatuta hil zituzten Jon Paredes Txiki eta Angel Otaegira arte. Haiez gain, GALek hildakoak, gerra zikinak desagerrarazitakoak... 

Egia bide askatasuna amets goiburupean ekitaldi hunkigarria egin dute. Haritz adaska irudi hartuta, belaunaldiz belaunaldi nola igaro den irudikatuz. Txiki-ren anaiak emozioz hitz egin du, eta mezu argia eman du: “Pertsonen arteko elkar ulertzea posible da nahi bada”. Batzuetan, “bihotzean min egiten duten gauzak” egin behar direla azpimarratu du, baldin eta horrek aurrera egiteko bideak irekitzen baditu.

Agirrek egiaren beharra azpimarratu du: “Ez dugu onartuko errealitatearen gure errelatoa aintzat ez hartzea”. Euskal Herriko gatazkari “bidezko konponbidea emateko konpromisoa azaldu du Agirrek, akordio politiko eta demokratikoaren bidez. “Akordio politikoak konponbide justua eta partekatua zehaztuko du”. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.