Zozoen elean (I)

Izaskun Etxetxipia: "Iruñera medikuntza ikastera joan nintzenean liberatu nintzen"

"Izaskun!", esan du Mertxek. "Izaskun Etxetxipia!", esan dizu Mikelek. Huraxe behar omen dut elkarrizketarako. Autoa hartu, eta Tolosara, 73 urteko mediku hematologo izandakoa helburu, zozoen elean.

Miel Anjel Elustondo
2013ko abuztuaren 4a
12:08
Entzun

Ez, ez, mediku izana, ez, mediku naiz, eta mediku izango naiz betiko. Tolosan lan egin izan dut nire bizi guztian, Donostiako Arantzazu ospitalean azken aldera egindako urteak izan ezik. Izan ere, laborategi klinikoan egin izan dut lan nik, eta dena Tolosatik Donostiara eraman zutenean, ni ere hara!

Ni Tolosan jaioa izanagatik ere, Nafarroatik gatoz Etxetxipiak. Itsasokoa nuen aita, herri koxkor bat Basaburuan. Miseriak ekarri zuela hona beste xehetasunik ez dakit. "Lastima, aitari gehiago ez galdetu izana!", esaten diot orain neure buruari, baina ez zen erraza ere. Lanean eman zuen bizi guztia, jai eta aste, eta ez zuen hitz egiteko denborarik. Izana naiz Itsason, bera bizi izandako etxean; zutik dago oraindik, baina aitaren berriak falta!

Ama nuen nik Tolosakoa. Goiburu. Gure gurasoek Tolosan ezagutu zuten elkar, eta bertan jaio nintzen ni, 1940an. 73 urte ditut, osasuna badut, baina baditut ajeak ere. Egia esan, hori ez da berria: txiki-txikitatik izan dut nik zerbait. Ezin esan nezake haurtzaro ederra izan nuenik, haurra nintzelarik ere gaixotasunak izan nituen-eta: bronkioak, kalentura… Hala ere, auzoak bestela esaten dit: "Burdinazko osasun txarra duzu zuk!"…

Bi anaia-arreba izan ginen etxean, aparte hezi gintuztenak. Bai aitak, bai amak, La Tolosana paper fabrikan lan egiten zuten. Badakit amak papera sailkatzen lan egiten zuela. Emakume ezkonduak ez ziren asko izango lanean. Alargunak ziren batzuk, ezkongabeak beste batzuk… Ezkonduak eta etxean familia zutenak, gutxi. Gure gurasoak goizeko zortzietan —seietan, batzuetan—, joaten ziren lanera, eguerdian bazkaltzera etorri, arratsaldean lanera berriz… Ez zuten ni hazteko denborarik, eta amonarekin eta bi izebarekin bizi izan nintzen. Gogoan dut batzuetan Zubi Berrira joaten nintzela, ama lanetik irten zain, itxaroten. Halako sentipen bat dut, gazi-gozoa…

Ikasteko grina handia nuen. Etxean diru askorik ez, eta bekadun ikasi nuen, mojetan. Jesuitinak. Institutura joateko adina etorri zenean, ez nintzen gauza gurasoei ni Donostiara bidaltzeko esateko. Dirurik ez zegoen gure etxean. Orduan, osaba-izebak Iruñera joan ziren bizitzera, eta horrexek salbatu ninduen. Hantxe egin nuen unibertsitate aurreko kurtsoa, eta hantxe medikuntza ikasketak. Umerik ez zuten, eta alaba bezala maite ninduten. Edo gehiago. Anaia ni baino sei urte geroago jaio zen, eta ordurako egoera hobera ari zen. Aitak hamaika lan egin zituen: igandeetan, esaterako, atezain egiten zuen frontoian eta Berazubin. Anaiak nik baino bizimodu handiagoa egin zuen gurasoekin.

Ume bakartia izan nintzen. Gurasoekin harreman handirik ez. Urtean behin, Leaburura joango ginen, limonada bat hartzera. Bestelako gauza handirik ez. Jatekorik ez zitzaidala falta badakit: ogi zuria, platanoa —garai hartan!—; alde horretatik, ondo zaindu ninduten, maina guztiak nituen, baina norekin hitz egin ez nuen, ez guraso, ez izeba. Karlista amorratuak ziren. Nerabe garaian ere, ezin haiekin ezertaz hitz egin. Neure mundua egin behar izan nuen. Baita eskolan ere. Mojetan, goi mailako jendearen alabak nituen ondoan. Bateko, paper fabrikako nagusiaren alaba; besteko, diputazioko lehendakariarena… Lagunak nituen, baina eskolatik kanpo ez nuen haiekin harremanik. Bakarrik pasatu nuen denbora asko. Ikasteko grina ere ez ote zitzaidan hortik etorri! Ez dakit zergatik, baina dudarik ez nuen izan: medikuntza ikastea hartu nuen asmotan. Aita sendabelar eta gisa horretako erremedio zalea zen. Ez dakit horrek batere eragin zuen nire barruan. Dena dela, medikuntza ikasi nahi nuela esan nuenean etxean, aitak ezetz, emakumezkoak maistra zirela. Nik, ezetz, ezetz eta ezetz. Hala ere, amore emateagatik, agindu nion Iruñera joan eta medikuntzan izena ematearekin batera maistra ikasteko ere emango nuela. Eta matrikulatu nintzen —maistra eskolan—, nahiz eta ez ikasi. Unibertsitate aurreko urtea 1956an egin nuen, eta 57an hasi nintzen medikuntza ikasten. 64an, bukatu. Zazpi urte ziren garai hartan. Geroan senarra izango nuena —Joxe Migel Zeberio—, ezagutua nuen ordurako, eta Tolosan lan egingo genuela ere erabakita geneukan. Nafarroako unibertsitatean medikuntza ikasten laugarren promozioa ginen: matriarkatua deitzen gintuzten. 23 ikasle izan ginen; haietarik zazpi, emakumezkoak. Ordu arte, lehenengo bi promozioetan emakume bana izan zuten. Hirugarrenean, bat ere ez. Gurean, zazpi! Oso heterogeneoa zen gure taldea. Bazen bat Perukoa, lagun mina dut oraindik. Larrasoaingoa (Nafarroa) zuen ama. Beste bat, Gineakoa genuen. Iruñean ematen ohi nuen urtea, udan etortzen nintzen Tolosara. Tira, hemen nintzen sanjuanetako, eta Iruñean, berriz, sanferminetarako. Sanfermin zalea naiz! Dena du diferente… Lehengo batean, Hendaiara joan nintzen lagun batekin, hondartzara. Heldu eta, hura jendetza! Atzerakada egin zidan. Esan nion lagunari: "Maite, ezin dut jendetza eraman, sanferminetan ez bada!". Horrelaxe. Esaterako, ez dut telebistarik ikusten. Uztailean, esan nuen: "Nahiko lan egin duzu bizi honetan, lan ordaina jasotzen ari zara; ez dago beste gauza bat gehiago gustatzen zaizuna entzierroa baino. Joango naiz, eta telebista erosiko dut oraintxe!". Eta halaxe egin nuen, entzierroa ikusteko beste asmorik gabe. Eta entzierroak ikusi, eta harrezkero ez dut telebistarik piztu. Horixe burujana, telebista! Osaba-izeben etxean ere, Iruñean, nahiko lan ibili genuen telebista zela eta. Telebista sartzen hasi zen garaia zen, 60ko hamarkadaren hasiera. Zer edo zer esaten hasi, eta osabak: "Ixo, ixo! Itxaron pixka bat". Trauma sortu zidan horrek. Egin kontu, telebistarik gabe hazi ditugu umeak etxean. Aitona-amonen etxera joan, eta ikusiko zuten noizbait, baina gure etxean ez da telebistarik izan. Beharbada, horrexek jarri zituen musikaren bidean! Bach eta Kortatu, batera entzuten ziren gurean.

Tolosan klase ezberdintasun handia bizi izan nuen, eta mutilekin ibiltzea, pentsatu ere ez. Iruñera ikastera joan nintzenean, orduantxe liberatu nintzen. Iruñea liberazioa izan zen niretzat. Han bai, han Izaskun Etxetxipia izan nintzen. Tolosan, txikitan, eskolatik irteeran, nire eskola-lagunak ondoan nituela, aita ikustea gertatu zitzaidan, bizikleta zahar baten gainean bizkarrean zaku bat txirbil zihoala. Nire lagunak "goi-mailako jendearen alabak" ziren! Eskuetan izan zuten dena, baina galtzera utzi zuten, ez zuten ezer ikasi!... Iruñean neu izan nintzen! Oso gustura egon nintzen.

Kandido Mugertza nuen Iruñeko etxeko osaba, eta Arantzazun egokitu zen basilikako obrak egiten ari ziren garaian. Inprenta lanetan aditua zen osaba, eta fraideek aldizkaria eta bestelakoak egin nahi zituzten. Tolosan lanik ez, eta hara joan zen. Han, Oteiza, Basterretxea, Carlos Pascual de Lara… ezagutu zituen. Noizean behin, neu ere joaten nintzen egun batzuk pasatzera Arantzazura. Mundu berria ireki zitzaidan! Gure etxean ez zen libururik, ez margolanik! Ez genuen dirurik, bizitzeko lain besterik! Osaba lanean Arantzazun izan zen garaian fraide asko ezagutu nituen. Gero, osabak inprenta Iruñean irekitzeko aukera izan zuen, eta hara itzuli zen. Astean bitan, etxean izaten genituen fraideak, kafea eta koñaka hartzen eta telebista ikusten. Fraide ugari ezagutu nuen. Jende interesgarri asko. Haiek eman zizkidaten irakurtzeko lehenengo liburuak.

Eta Iruñean ezagutu nuen senarra. Lotsati xamarra nintzen. Tolosan, lagunekin ere ez nintzen irteten. 12, 13 urte zituztela, nire lagunak konpainiako damarekin irteten ziren kalera. Txotxolokeria galanta! Ni, berriz, etxean beti. Iruñean bestela izan zen. Neu izan nintzen han, zama kendu zitzaidan gainetik hara joan nintzenean… Kasinora joaten hasi nintzen, adibidez. Eta, behin, bidaia bat antolatu zuten kasinoko gazteek Bergarara. Eta bidaia hartan ezagutu nuen Joxe Migel Zeberio Begiristain. Esan dut ezkondu eta Tolosara erabaki genuela. Nire aldetik, umetako hutsunea bete nahi nuen, bizi izan nuen bakardadea, komunikazio gabezia. Euskararen eta euskal kulturaren gogoa ere bizi genuen… Joxe Migelen aitak ere musika eta kultur zaletasuna zituen, Federiko Zabala koinatua nuen… Giroa bazen, eta hona nahi genuen… Hematologian espezializatu nintzen, baina sekula ez nuen hori landu. Akaso, kanpora joan izan banintz lanera… baina Tolosara etorri eta zer zegoen, bada, hemen? Eta lana bilatzeko modurik ere ez zegoen, Gizarte Segurantzan mediku lekuak hartuta zeuden: bata, fabrikako nagusiaren semea izango zen; bestea, haren lehengusua; hurrena, halako medikuaren semea... Esaterako, garai hartan bi analista lanpostu zeuden Tolosan, pertsona bakarrak bete zituena! Postu haren alde borrokatu behar izan nintzen. Idatzi bat ere egin nuen, eta zenbait lagunek babestu ninduten… Bada, 1965ean hasi nintzen lanean, apirilean, ezkondu nintzen urtean. 66an, haurra izan ondoren, klinikan nengoela, lana uzteko gutuna jaso nuen, Burgosen emakume ezkongabe batek hartu zuela-eta nire postua. Batere gabe geratu nintzen. Baina ni ez nengoen etxean geratzeko prest, eta kontsulta pribatu bat ireki nuen, senarrak lagunduta. Aurreneko laborategia errentan hartuta genuen etxeko jangelan jarri genuen. Hantxe hasi nintzen lanean. Jendeak ondo erantzun zuen; izen ona nuen: "Oso neska azkarra da!" eta hau eta hura esaten zuten. Diru pixka bat bildu, eta lokal bat jarri genuen. Hogeiren bat urte lan egingo nuen horrela. Asko aldatu da gauza. Analista nintzen, baina kontsulta pribatua nuenez, han etortzen zitzaizkidan amak, umeak hartuta. Eztarriko mina eta gainerakoak. Hyde Park ematen zuen hark, ni beti diskurtsoa egiten: "Pazientzia izan behar duzu" eta aholkuak ematen beti. Nirekin lan egiten zuen neska laguntzaileari esan izan nion: "Reyes, denbora gehiago pasatzen dugu hitz egiten, analisiak egiten baino!". Oso garai aberasgarria izan zen. Autoa hartu eta azken-azkeneko baserriraino joaten nintzen gaixoari odola ateratzera. Halako batean, krisia etorri zen —oraingoa ez baita lehenengo ekonomi krisia—, lana jaisten hasi zen, bestelako bideak ere ibili genituen, beste kontsulta batzuk, baina seigarren umea jaio zenean, Mirentxu, duela 30 urte, Gizarte Segurantzan berriz saiatzea pentsatu nuen. "Banoa muturra sartzera berriz". Eta 40 urtetik gora nituela, udako oporretan hutsuneak betetzen hasi nintzen; hurrena, eguberrietakoak... Kontratu mugagabea izan nuen, postu finkorik behin ere izan ez badut ere. Nire bizimodua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.