Efe albiste agentziaren arabera, 17:30etan Jean Pierre Harocarenek deklaratuko du Espainiako Auzitegi Nazionalean, Grande Marlskaren aurrean. Harekin batera atxilotutako beste laurek, berriz, bihar.
Lapurdin atxilotuei dagokienez, Izaskun Gantxegi aske utzi dute Baionan arratsaldeko lehen orduan. Atxilotuta dagoen Eloi Uriarteren emaztea da Gantxegi. Frantziako Poliziak atzemandako zazpi lagunak Parisera eraman dituzte: hiru —Julen Madariaga, Jose Roman Cau eta Cristina Larrañaga— goizean iritsi dira, eta beste hirurak —Eloi Uriarte, Anjel Iturbe Abasolo eta Jose Ramon Badiola arratsaldean. Efe-ren arabera, Parisen Polizia Judizialaren Terrorismoaren Kontrako Zuzendariordetzara eraman dituzte.
"ETAren finantza sarearekin", " iraultza zergaren kobraketarekin" harremana izatea egotzita atxilotu zituzten guztiak.
Honakoak dira atxilotuak:
Julen Madariaga (Bilbo, 1932) Senperen –Aralarreko zuzendaritzako kidea da egun–.
Angel Iturbe Abasolo (Arrasate, 1953) Arrangoitzen.
Jose Luis Cau Aldalur (Azpeitia, 1943) Baionan.
Cristina Larrañaga (Arrasate, 1954) Azkainen.
Eloy Uriarte (Soraluze, 1941) Miarritzen.
Izaskun Gantxegi (Eibar, 1944) Miarritzen.
Jose Ramon Badiola (Eibar, 1958) Hendaian.
Joseba Imanol Elosua (Zumaia, 1934), Irungo bizilaguna, Santa Polan (Alacant, Herrialde Katalanak).
Jose Karmelo Lukin (Iruñea, 1974) Hondarribiko bizilaguna, Santa Polan (Alacant, Herrialde Katalanak) –Elosuaren suhia da–.
Ramon Sagarzazu (Bilbo, 1936) Oiartzunen.
Jean Pierre Harokarene (1963) Irunen.
Iñaki Aristizabal (Oiartzun, 1946) Oiartzunen.
'Habeas corpusa' ukatu
Espainiako Poliziak atxilotutako Iñaki Aristizabal eta Ramon Sagarzazurentzat habeas corpus-a eskatu dute haien senideek, bihotzeko gaitzak dituztela-eta. Sagarzazuri ukatu egin diote, eta Aristizabali ez diote erantzun oraindik. Horiek biek ez ezik, Cristina Larrañagak eta Jose Luis Cauk ere osasun arazoak dituzte eta tratamenduan daude.
Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fernando Grande Marlaskak eta Parisko Laurence Le Vert epaileek gidatu dute operazioa.
Polizia operazioa
Izaskun Gantxegi aske utzi dute Baionan, epailearen aurrean deklaratu gabe
Astearteko polizia operazioan atxilotutako hamabi lagunetatik bat, Miarritzen (Lapurdi) atzemandako Izaskun Gantxegi, aske utzi du Frantziako Poliziak, epailearen aurrean deklaratu gabe. Asteartetik Baionako polizia etxean eduki dute Gantxegi, eta han utzi dute libre. Frantziako Poliziak Lapurdin atxilotutako beste sei lagunak, berriz, Parisera eraman dituzte. Espainiako Poliziak Gipuzkoan eta Alacanten (Herrialde Katalanak) atxilotutako bost lagunei dagokienez, gaur hasiko dira Grande Marlaskaren aurrean deklaratzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu