Gizakia Helbururen metodologiaz aritu da Izaskun Sasieta zuzendaria (Azkoitia, 1964). Besteak beste, fundazioaren funtzionamendua, historia eta oinarriak azaldu ditu, eta gustura agertu da 30 urte hauetan egindako ibilbidearekin.
Zenbat egoitza zenituzten orduan, eta zenbat egun?
Lehendabiziko egoitza Ategorrietakoa izan zen, Donostian. Gerora etorri ziren Hernanikoa eta Lasaokoa, Zestoan. Egun, hirurak daude martxan, bakoitza bere funtzioekin.
Zein kontsumo mota tratatzen duzue gehien?
Garai batean, heroina. Gero, kokaina eta speeda. Egun, alkohola da gehien kontsumitzen den droga. Baina, oro har, polikontsumitzaileak dira; hau da, ez dute droga bakarra kontsumitzen. Esaterako, oso ohikoa da kokaina eta alkohola edo kokaina eta cannabisa batera kontsumitzen duen jendea tratatzea.
Laguntza eske doanaren profila aldatu da?
Bai, eta horren araberako egokitzapena egin behar dugu. Profil ezberdin asko daude: kartzelan daudenak, kronifikatuak, buruko gaixotasunak dituztenak, gazteak eta abar. Gazteen kasua berezia da. Gero eta arazo gehiagorekin datoz, gurasoekin harreman konplikatuak dituzte. Haiekin ere lanketa bat egin behar izaten dugu.
Zeintzuk dira sartzeko baldintzak?
Salbuespenak dauden arren, normalean laguntza eske datozen guztiak onartzen ditugu. Gerta daiteke familiak kasuari behar baino dimentsio handiagoa eman eta hainbesterako ez dela azaldu behar izatea, baina ez da ohikoena. Bestalde, zentroan droga sartzen dutenak kaleratu egiten ditugu. Denei eskatzen diegu sartzen diren unean droga kontsumitu gabe denbora bat eramatea.
Eta ezin badu utzi?
Psikiatrarengana bidaltzen ditugu. Droga kontsumitzaileak ez du bere berezko izaera, beste pertsona bat bilakatzen da. Ondorioz, droga kontsumitzen badu ezin dugu lana ondo egin.
Zenbatekoa da sendatuta irteten direnen kopurua?
Gizarteratze fasera lautik hiru iristen dira. Azken fasea da, eta horretara iristerako urte eta erdi ematen dute tratatzen. Batzuetan, gaixoak bere burua ondo ikusi eta prozesua utzi egiten du. Besteetan, familiak ateratzen du, arrazoi bera jarrita. Kasu horiek ez ditugu sendatutzat ematen, agiri terapeutikorik ez dutelako. Arlo guztiak bideratzean ematen dugu senda-agiria; gizartearekin eta familiarekin harremana berrezartzean, ikasten edo lanean jartzean... orduan ematen zaie, ez lehenago.
Familiek zeresan handia dute, beraz?
Bai. Familia alboan dutenek sekulako laguntza dute. Hernanin oso ohikoa da eskolara doazen haurren zain egoten diren bezala egotea gaixoen zain. Hori asteburuak pasatzera etxera doazenetan gertatzen da. Beste kasu bat da familiarik edo haren babesik ez dutenena. Haiek erlijio etxeetan geratzen dira lotan, eta familia rola betetzen dute askotan. Bakarrik etxera joaten uzten diegunen kopurua oso urria da. Salbuespenak dira, oro har.
Adingaberik baduzue?
Bai, 14 urtetik 18ra bitartekoak. Haientzat Norbera programa dugu abian, gainontzeko programetatik bereizita dagoena. Gaztetxoak eta helduak nahastea ez zaigu gustatzen, eta mendekotasuna sortu arte bereizi egiten ditugu. Programak ezberdinak izan arren, IZAN fundazioaren barnean daude guztiak.
Nola ematen dute haiek zuengana jotzeko pausoa?
Denetik dago. Asko gizarte langileek bultzatzen dituzte gurera; beste asko familiekin etortzen dira, eta kalean entzunda ere dezente. Gero, azkenaldian medikuak hasi dira gaztetxoak hona bidaltzen, baina orain arte ez zen ohikoa. Badirudi kontzientzia hartzen doazela.