'Egunkaria auzia'

Izen handiko hamasei lagunek osatu dute Egunkariaren Alde elkartearen Babes Taldea

Politikan, sindikalgintzan, gizarte arloan eta kulturan izen handiakoak diren hamasei lagunek osatu dute Egunkariaren Alde elkartearen Babes Taldea. Besteak beste,Carlos Garaikoetxea Jaurlaritzako lehendakari ohiak, Xabier Arzalluz EAJko presidente izanak, Bernardo Atxaga idazleak, Garbiñe Biurrun epaileak, Koldo Gorostiaga EHko europarlamentari ohiak, Jean Haritxelhar euskaltzainburu ohiak eta Baltasar Errazti Confebaskeko presidente izanak osatzen dute bilgunea. Bilboko hotel batean aurkeztu dute taldea, eta gizartearen ordezkaritza zabala bildu da ekitaldira. Sumarioak bertan behera uzteko eta auzipetuei beren eskubide guztiak itzultzeko eskatu du Babes Taldeak.

2005eko martxoaren 18a
13:22
Entzun
Begiak zabaldu eta aurrean euskal gizartearen ordezkaritza "zabal eta anitza" ikusten zuela esan du Joan Mari Torrealdai 'Egunkaria auzian' auzipetu eta Egunkariaren Alde elkarteko lehendakariak, Bilboko hotel batean egin den Babes Taldearen aurkezpen ekitaldian.

Izan ere,Babes Taldea gizarteko arlo diferenteetan izen handikoak diren hamasei lagunek osatu dute, pentsakera askotakoek; zehazki, honakoek: Carlos Garaikoetxea, Xabier Arzalluz, Koldo Gorostiaga, Jose Elorrieta, Rafa Diez,Jesus Uzkudun, Bernardo Atxaga, Xabier Mendiguren, Jean Haritxelhar, Laura Mintegi, Antxon Lafont, Baltasar Errazti, Garbiñe Biurrun, Jonan Fernandez, Juan Miguel Arregi eta Fermin Muguruzak.

Ekitaldi jendetsu eta zabala

Baina horrez gain, euskal gizartearen ordezkaritza zabala bildu da aurkezpen ekitaldira. Besteak beste, han ziren Anjeles Iztueta, Sabin Intxaurraga eta Javier Madrazo Jaurlaritzako sailburuak, Jose Joan Gonzalez Txabarri Gipuzkoako Ahaldun nagusia, Gorka Knörr Eusko Legebiltzarreko Mahaiko lehendakariordea, Josune Ariztondo EAJko EBBko idazkaria, Arnaldo Otegi Batasuneko mahaikidea, Mikel Basabe Aralarreko buruzagitzakoa, eta Onintza Lasa EAko zuzendaritzakoa. Era berean, aurkezpen ekitaldian izan dira Andoni Ortuzar EITBko zuzendaria eta Hur Gorostiaga 'Le Journal'-eko zuzendaria.

Hain zuzen ere, Torrealdai izan da ekitaldian hitza hartzen lehendabizikoa, eta inguratutako "gizartearen ordezkaritza zabal eta anitz" horri eskerrak eman dizkio adierazitako elkartasunagatik. Torrealdaik nabarmendu du 'Egunkaria' itxi zutenean erantzun zabala izan zela ekintza haren aurka, eta erreakzio haren ispilu zela gaur bildutako jendea. Ildo horretatik, 'Egunkaria' bera zabala zela nabarmendu du, ordezkaritza anitz horrek lekua zuelako kazeta haren orrietan, eta, horregatik, itxi zutenean, "euskal gizarte osoa" kolpatu zutela.

Torrealdairen ondoren Iñigo Iruin auziko abokatuak hartu du hitza, eta azalpen juridikoak eman ditu.

Sumarioak bertan behera uzteko eskaera eta Zapaterori kritika

Azkenik, Babes Taldea osatu duten hamasei lagunak igo dira oholtzara, eta Bernardo Atxaga idazleak agiri bat irakurri du guztien izenean. Funtsean, 'Egunkaria auziko' sumarioak bertan behera uzteko eskatu du Babes Taldeak eta auzipetuei beren eskubide guztiak, pertsonalak zein ondarezkoak, itzultzeko.

Horrez gain, PPren Gobernuaren dinamikan kokatu dute 'Egunkaria'-ren itxiera, baina nabarmend dute Espainiako Gobernua aldatu arren, eta, hain justu, Jose Luis Rodriguez Zapatero presidente sozialistak aldaketa agindu arren, 'Egunkaria auzian' eta tankerako besteetan ez dela sumatu. "Adalketarik ez beraz. Auzipetuak ez dituzte errugabetu. Egoerak txarra izaten jarraitzen du", esan du Atxagak guztien izenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.