Politika

Izendatu dituzte 'Ibarretxe auziko' epaileak

Fernando Ruiz Piñeiro EAEko Auzitegi Nagusiko lehendakariak erabaki du Antonio Subinas, Juan Carlos Benito-Butron eta Manuel Diaz Rabago izatea epaileak. Lehengo astean epaiketatik kanpo utzi zituzten Ruiz Piñeiro bera, Antonio Garcia eta Nekane Bolado, ez dutelako "beharrezkoa den inpartzialtasuna".

2008ko maiatzaren 26a
18:32
Entzun
Antonio Subinas, Juan Carlos Benito-Butron eta Manuel Diaz Rabago izango dira Ibarretxe auziko epaileak, gaur Fernando Ruiz Piñeiro EAEko Auzitegi Nagusiko lehendakariak erabaki duenez. Hasieran batean Ruiz Piñeiro bera zen izatekoa auziko epaileetako bat, baina Eusko Jaurlaritzak errefusatu egin zuen eta Auzitegi Nagusiko 77. Sala bereziak lehengo asteazkenean onartu egin zuen eskaera. Antonio Garcia ere errefusatu zuen Jaurlaritzak, eta hori ere epaiketatik kanpo utzi du auzitegiak. Ermuako Foroak, berriz, Nekane Bolado epailearen kontra egin zuen, eta auzitegiak hori ere ontzat jo zuen.

Auzitegi Nagusiko 77. Sala bereziaren ustez, Ruiz Piñeiro, Garcia eta Bolado epaileek "beharrezkoa den inpartzialtasuna" ez dute, instrukzio fasean hainbat erabaki hartu dituztelako eta ebazpen horiek epaiketan "erabakigarriak" diren gaiei buruzkoak izan direlako.

Berez, txanda segituz gero, orain hiru epaileen artean Juan Luis Ibarra Robles hautatu behar zuten, baina Ibarraren kontrako errefusatzea ere onartua du auzitegiak. Benito-Butron sartu dute haren ordez.

Auzian, Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakariaz gain, Arnaldo Otegi, Pernando Barrena, Juan Joxe Petrikorena, Rufi Etxeberria eta Olatz Dañobeitia Batasuneko mahaikideak, eta PSE-EEko idazkari nagusi Patxi Lopez eta antolakuntza idazkari Rodolfo Ares daude auzipetuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.