Oraindik ezin diegu gorpu hauei izenik jarri, baina hemen gaude berdin-berdin, haiei gorazarre egiteko eta hilobian loreak jartzeko. Hemen lurperatutako bakoitza gure aita edo aitona izan baitzitekeen». Ekitaldia amaituta, identifikaziorik gabeko kutxa marroiei musu eman zien Olga Alzegak, Nafse36 Nafarroako fusilatuen senideen elkarteko lehendakariak. «Nik aukera izan nuen gure aitona zena aurkitu eta lurperatzeko. Beste askok ez dute zorte hori izan, eta haien izenean egin dugu omenaldi xume hau».
Alzegaren hitzaldiaren ostean, identifikatu gabeko arrastoak Iruñeko Udalaren panteoian sartzeari ekin zioten hilerriko beharginek. Hamabi gorpuzki, osotara. Hamabi kutxa, eta beste horrenbeste lore sorta. Baina izenik ez. Urzante eta Añezkar herrietan aurkitu zituzten arrastoak, iaz. Frankistek fusilatu zituzten, 1936ko estatu kolpearen ostean, eta lubaki batean lur eman zieten, beste askorekin egin bezala.
Gorpuzkiak berreskuratuta, «ekitaldi sinbolikoa» egitea proposatu zuen Nafse36 elkarteak, eta horretara batu dira Nafarroako Gobernua eta legebiltzarra, Iruñeko Udala eta oroimen historikoaren alde lanean diharduten zenbait elkarte ere. Horren adierazle, atzo Iruñeko hilerrira bildu zen jendetza, izenik gabeko biktimen omenezko ekitaldian parte hartzeko.
Han izan ziren, besteak beste, Ana Ollo, Nafarroako Gobernuko bozeramailea; Alvaro Baraibar, Bake, Bizikidetza eta Giza Eskubideen zuzendaria; Joseba Asiron Iruñeko alkatea; eta Nafarroako Legebiltzarreko lehendakari Ainhoa Aznarez. Horiez gain, PP ez beste alderdi politiko guztietako ordezkariak ere izan ziren atzoko ekitaldian, lore eskaintzan parte hartzeko eta frankismoko biktimen senideei babesa adierazteko.
Gobernuaren izenean, «oroimen historikoaren garrantzia» nabarmendu zuen Ollok, «gizarte justuago eta etikoago bat eraikitzeko tenorean». Hori dela eta, gatazken «kontaketa justu eta zehatza» aldarrikatu zuen. Horrez gainera, «gerra eta gerraoste garaiko emakumeen papera» goraipatu zuen: «Gerran, gizonak badoaz, edota hil egiten dituzte, eta emakumeak arduratu dira, hein handi batean, oroimen historikoa gordetzeaz».
Joseba Asiron Iruñeko alkatearen aburuz, berriz, «gizarteak aurrea hartu die erakunde publikoei, beste behin, memoria eta duintasuna aldarrikatzeko tenorean». Instituzioen utzikeria hori aldatu beharra nabarmendu zuen, «gure herrietatik ikur frankistak kenduta, edota frankismoko krimenen kontrako kereila aurkeztuta, besteak beste».
Alkatearen esanetan, 36ko estatu kolpea eman zutenek «bortxazko ahanzturara eta bizi osoko isiltasunera» kondenatu zituzten errepublikanoak eta haien senideak. «Horregatik, behar-beharrezkoa da zuen borroka, zuen balioak eta zuen ahalegina gure seme-alabei helaraztea, ahanztura gailendu ez dadin».
36ko biktimen protokoloa
Iruñeko Udalak eta Nafarroako Gobernuak 2014ko azaroan sinatu zuten frankismoko biktima identifikatu gabekoei buruzko protokoloa. Horren arabera, Nafarroako hobi nahiz lubakietan antzemandako arrastoak udalaren panteoi batean gordetzen dituzte, DNA frogen bidez identifikatuak izan arte. Halakorik gertatuko balitz, senideek erabakiko lukete gorpuzkiekin egin beharrekoa. Atzoko hobiratzearen ostean, 22 dira panteoi horretan lurperatutako gorpuak.