'PAROT DOKTRINA'

Izkok uste du Espainia "kontzeptuak nahasten" saiatu dela "afera saihesteko"

09:30 aldera hasi da Ines del Rio presoaren egoerari buruzko auzi saioa Europako Giza Eskubideen Auzitegiko sala handian, eta 11:15 inguruan amaitu. Del Rioren abokatuek argudiatu dute 197/2006 dotrinaren bidez zigorrak atzeraeraginez aldatu direla, eta moldatu dutena "zigorra ezartzeko modua" dela adierazi du Espainiaren defentsak. Bideoa: Amaia Izko, Xabier Mikel Errekondo eta Emilie Martinen adierazpenak (bideo bilduma). [Youtube]http://youtu.be/_weCnTeYc3Q[/Youtube]

Oihana Elduaien Uranga.
2013ko martxoaren 20a
19:01
Entzun

Mugimendu handia izan da goizean goizetik Estrasburgoko epaitegiaren inguruetan, nahiz eta auzi saioa 09:15ean zen hastekoa. Epaitegira sartu baino lehen, Xabier Mikel Errekondo Amaiurreko diputatuak adierazi du presoek, preso izan arren, eskubideak dituztela eta horiek errespetatu egin behar zaizkiela. Errekondoz gain, Estrasburgon dira, besteak beste, Oskar Matute EH Bilduko legebiltzarkide eta Alternatibako koordinatzailea eta Rafa Larreina eta Jon Iñarritu Amaiurreko diputatuak. Herrira-ren ordezkari Emilie Martin ere han da.

Ines del Rioren abokatuen taldeko Mark Mullerrek hartu du hitza aurrena, eta argudiatu du preso baten zigorra aldatzea giza eskubideen aurkakoa dela. Azaldu du Parot doktrinak zigorrak luzatzen dituela eta neurri horrek ez dituela "kalitate azterketak" gainditzen.

Espainia defendatzen duen abokatuak esan du ez dela zigorra aldatu, baizik eta zigorra aplikatzeko modua dela aldatu dutena. Gainera, nabarmendu du ezin duela zigor berdina izan hilketa bat egin duen pertsona batek edo gehiago egin dituenak. Espainiako abokatuak galdetu du ea Estrasburgok erabaki behar al duen estatuek nola betearazten dituzten zigorrak, eta ezetz erantzun du abokatuak berak.

"Zigorra eta kunplimendua bereizi behar dira", Espainiaren ustez. Hori da doktrinaren alde Espainiak darabilen argudio nagusia. Halaber, ukatu egin du Del Riori legeak atzeraeraginez ezarri izana, argudiatuta ez ziotela 2003ko zigor kodearen aldaketa atzeraeraginez aplikatu.

Del Rioren aldeko balizko epaiaz galdezka

Del Rioren aldeko epaia emateak zein eragin izango lukeen galdetu du epaile batek, eta hamabost minutuko tartea utzi die erantzuna prestatzeko. Doktrinaren alde egiteak Espainiari "eskuak libre" utziko lizkiokeela esan du Mullerrek, Del Rioren abokatuak. Espainiarenak, berriz, doktrina bertan behera utziko balute libre aterako liratekeen presoen datuak emanda amaitu ditu bere argudioak. Gainera, iradoki du Del Riok ez duela barkamenik eskatu eta ez duela espetxe onurarik merezi.

Del Rioren abokatuak, pozik

Auzi saiotik pozik atera da Amaia Izko Ines del Rioren abokatua. Hedabideei azaldu dienez, Espainiak argudiatu behar zuen zergatik zen okerra Estrasburgoko epaitegiak iazko uztailean eman zuen ebazpena; Izkoren ustez, ordea, Espainiak ez du halakorik egin eta argudio "ahulak" aurkeztu ditu.

"Ez dute arrazoitu zergatik den sententzia okerra, eta hasierako alegazio berdinak mantendu dituzte. Kontzeptuak nahasten saiatu dira, afera zein den saihesteko", adierazi du Izkok, eta nabarmendu du uztailean Europako Giza Eskubideen Auzitegiak emandako epaia "oso sendoa" dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.