Izpiak bidea argitzeko

Milaka lagun elkartuko dira Bilbon sakabanaketaren aurka gaur, 17:30ean. Euskal Herrian hainbat arlotan ezagun diren dozenaka pertsonak eman dute atxikimendua dagoeneko. BERRIAk atxikimenduaren zergatiaz galdetu die zenbait lagun ezaguni.

gurutze izagirre intxauspe
2015eko urtarrilaren 10a
20:11
Entzun

Etxetik ehunka kilometrotara preso egotea zigor erantsia dela, senide eta lagunak ere zigortuak direla eta abagune politiko honetan euskal presoen kontrako sakabanaketa politika lekuz kanpo dagoen ustea ia aho batezkoa da. Galdetutako bakoitzak, ordea, bere ñabardurak ditu. Bada Euskal Herritik kanpoko iritzi publikoan eragin beharko litzatekeela uste duenik, baita «estrategia on bat» bilatu beharko litzatekeela proposatzen duenik ere. Honatx manifestazioari atxikimendua eman dioten batzuen iritzia:

1. Sarek euskal presoen sakabanaketa amai dadila eskatzeko antolatu duen manifestazioari atxikimendua eman diozu. Zergatik?

2. Now Euskal Herrira da leloa. Zergatik iruditzen zaizu premiazkoa sakabanaketa bukatzea?

KIRMEN URIBEIdazlea

«Beharrezkoa dugu egoera bideratzea; bestela, ez dugu sekula lasai arnasa aterako»
1
. «Atxikimendua eman dut bidezkoa iruditzen zaidalako, eta ardura kontua ere badelako. Nik uste dut presoena gizarte gisa gainditu gabe dugun irakasgai handienetako bat dela; beharrezkoa dugu ahal bait arinen haien egoera bideratzea; bestela, euskal gizarteak ez du sekula lasai arnasa aterako».

2. «Etxean bertan ikusten dut sakabanaketak dakarrena, lehengusua eta txikitako lagun bat baititut sakabanatuta. Astebururo dakusat zer dakarren horrek: nekea, diru-galera eta istripu-arriskua. Presoek kondena berdin-berdin beteko lukete Euskal Herrian; kartzelako leihotik ez da paisaiarik ikusten, han barruan zaude. Alta, urrunduta egoteak familiakoen artean zabaltzen du kondena».

GABI MOUESCAOIPko kidea eta Harrera-ko kidea

«Lehentasunezko afera dela diote gaiari kasu egin dioten nazioarteko adituek ere»
1
. «Preso ohia naiz, eta badakit zein ondorio dituen sakabanaketak presoentzat eta guraso eta lagunentzat. Bistan denez, bat egiten dut presoak gerturatzeko eskaerarekin. Bestalde, abertzale moduan begiratuta, egoera berri bat dugu Euskal Herrian. Deliberatua izan da, eta ez bakarrik guk, nazioartean gatazkaren gaiari erreparatu egin dioten adituek ere badiote lehentasuneko afera dela presoak gerturatzea, eta pentsatzen dut ahal bezain fite gerturatu egin behar direla».

2. «Presazkoa da denak gerturatzea, eta ezin ahaztu ditugu eri diren presoak. Duintasunaren izenean kanpoan izan behar dira, kartzelatik kanpo, etxean, senideekin. Argi ukan behar da hori, eta ahal bezain fite askatu».

TXARO ARTEAGAEmakundeko lehen zuzendaria

«Herri gisa estrategia on bat bagenu, asko aurreratuko genuke»
1
. «Sakabanaketa amaitzearen alde nago giza eskubideak urratzen dituelako. Beti adierazi izan dut presoek etxetik ahalik eta hurbilen egon behar dutela, eta mobilizazio honekin horretan lagundu baldin badezakegu, aurrera».

2. «Sakabanaketa bukatzea beti izan da premiazkoa. Are premiazkoagoa, ordea, orain gauden momentuan. Uste dut sakabanaketa bukatzeak erraztuko lukeela herri gisa beste pauso batzuk ematea. Baina boterea dutenek ez dute halakorik nahi, eta horregatik oztopatzen dute ahalegin oro. Hala eta guztiz ere, iruditzen zait estrategia on bat falta zaigula herri gisa. Herri gisa estrategia on bat izango bagenu, asko aurreratzeko aukera izango genuke gai guztietan».

PAUL RIOSLokarri-ren koordinatzailea

«Eskubide urraketa beti da bidegabea; are gehiago bake eta bizikidetza prozesuan»
1
. «Preso dauden pertsona guztiek gizarteratzeko eskubidea dute, eta oinarrizko eskubideak errespetatu egin behar dira, orain eta beti. Beharrezkoa da preso dauden pertsonen kontrako eskubide urraketa horiek amaitzea. Zigorra, gainera, ez da bakarrik etxetik urrun dauden presoentzat, haien senide eta lagunentzat ere erabat bidegabea da egoera. Presoak Euskal Herritik gertu dauden kartzeletan elkartuta, gainera, beren arteko eztabaida erraz daiteke bake eta bizikidetza prozesuaren inguruan».

2. «Eskubide urraketa bat beti da bidegabea, datorren lekutik datorrela ere, baina are eta bidegabeagoa da egun dugun bake eta bizikidetza prozesuan. Ez du laguntzen aurrera egiten».

AXUN LASAGALen biktima

«Sakabanaketa, batez ere, presoen senide eta lagunekiko mendekua da»
1
. «Neure giza eskubideak, hainbeste aldiz urratuak izan direnean, oso beharrezko sentitzen nuen gizartearen babesa.Urraketa horiei begiratzeko eta gure gain hartzeko adorea behar dugu, eta badugu horretan zer esana eta, batez ere, zer egina.Gure esku dagoen guztia egiteko prest al gaude? Edo... beste aldera begiratuko al dut?»

2. «Beharrezkoa da lehenbailehen bukatzea sakabanaketa, batez ere presoen senide eta lagunekiko mendekua delako, horiek epaileen kondenarik gabe zigor izugarria jasatzen ari direlako, ekonomikoki, emozionalki... Izugarrizko gizagabekeria delako. Presoak ere, preso izan arren, giza eskubide guztien jabe izaten jarraitzen dute, eta horrek bere senide eta lagunetatik ahalik eta gertuen egoteko eskubidea duela esan nahi du, besteak beste».

JON MIRENA LANDAEHUko Zigor Zuzenbideko irakaslea

«Mobilizazioa askotarikoa da. Horrek bultzatu nau atxikimendua ematera»
1
. «Motibazio politikoa duten presoen kasuan martxan dagoen mobilizazioa askotarikoa da, esparru ideologiko desberdinetako pertsonaz osatua alegia, eta horrek bultzatu nau atxikimendua ematera; izan ere, kasu honetan protesta egiteko arrazoia ez baita ideologikoa, prepolitikoa baizik: alegia, ideologiaz haratago gertatzen ari den injustiziari aurre egin behar izatekoa».

2. «Motibazio politikoa duten presoen kasuan, salbuespenezko presondegi-politika bat ezartzen ari da, eta sakabanaketa bada, hain zuzen, neurri berezi horietako bat. Sakabanaketak ez du presoa pertsona indibidual gisa tratatzen, kolektibo baten parte gisa baizik. Gainera, sakabanaketak familia harrapatzen du, presoen inguruan dagoen eremu afektibo osoarengan eragina injustua duelarik».

KARMELE JAIOIdazlea

«Ezinbesteko pausoa da sakabanaketa bukatzea etorkizun hobe baterako»
1
. «Atxikimendua eman dut biharko manifestaziorako euskal presoen kontrako sakabanaketa politika giza eskubideen kontrako neurria delako eta ezinbestekoa iruditzen zaidalako eragiten dituen ondorio larriak bukatzea».

2. «Premiazkoa da euskal presoen kontrako sakabanaketa lehenbailehen bukatzea, lehenik eta behin hainbat pertsonaren eskubideak urratzen dituelako, bai presoenak, bai euren familia eta gertuko pertsonenak. Ondorio larriak ditu. Eta, bestetik, herri honek duen gatazkari amaiera emateko eta gatazka honek eragin duen mina iraganeko zerbait bezala ikusteko eman beharreko pauso bat dela iruditzen zait. Etorkizun hobe baterako bidean eman beharreko ezinbesteko pauso bat da».

TXEMA RAMIREZ DE LA PISCINAEHUko irakaslea

«Frantziako eta Espainiako iritzi publikoan nola eragin pentsatu beharko litzateke»
1
. «Duintasun kontu bat da. Sakabanaketarena ez hanka ez buru ez duen egoera bat da. Euskal Herritik kanpora zaila da esplikatzea zer den sakabanaketa. Salbuespenezko zuzenbidean du oinarri, eta salbuespenezko zuzenbidea estatu totalitarioen ezaugarria da. Planteatzekoa da ea estatu demokratiko batean gauden. Estatuak nekearekin eta saminarekin jokatzen du, hori da haren aukera».

2. «Beharrezkoa da erantzutea, eta horretarako, gogoa, ekimena eta sormena behar da. Giltza iritzi publikoan dago, eta gurean gehiengoa dago sakabanaketaren aurka. Baina, agian, komeniko litzateke beste esparru batzuetara jotzea iritzi publikoan eragiteko. Frantziako eta Espainiako estatuetako iritzi publikoan nola eragin pentsatu beharko litzateke, hura ere aldatzeko».

JOSE ANGEL CUERDAGasteizko alkate ohia

«Sakabanaketa bukatu behar da, eta ETA desegiteak bide emango luke horretarako»
1
. «Delitu bat egin duten pertsonak preso daudenean kartzelen funtzioa gizarteratzea da, eta helburu horretan lagun dezake bere etxetik hurbil egoteak. Sakabanaketa ez da modurik egokiena gizarteratzeko, eta helburuak izan behar du sakabanaketa ez existitzea. Baina kontuan izan behar da preso hauen kasuan erakunde bateko kide izan direla, eta hemen tragedia handi bat bizi izan dela ehunka hildakorekin. ETA behin betiko desegin eta desagertzea behar-beharrezkoa da. Beharrezkoa da sakabanaketa bukatzea ere, baina ETA desegiteak bide emango luke gobernuko estrategia ere aldatzeko».

2. «Premiazkoa da sakabanaketa bukatzea, batez ere gaixo daudenentzat. Libre egon behar dute gizagabea den tratua jasotzeko arriskua ere badutelako kartzelan».

GEMMA ZABALETAPSE-EEko kidea

«Ez du zentzurik sakabanaketak. Zigor erantsia da presoentzat eta senideentzat»
1
.«Uste dut Orain moduko lelo bat beti dela beharrezkoa giza eskubideei dagokienez, eta presoen eskubideei dagokienez ere bai. Ez du zentzurik espetxe politika hau mantentzeak, politika hori ETAren terrorismoaren kontrako borrokan oinarritu denean eta ETAren terrorismoa amaitu denean. Gizartean asko aldatzen ari dira gauzak; normalizazioan pausoak ematen ari dira. Espetxe politikak ere aldatu egin behar duelakoan nago».

2. «Ez du zentzurik sakabanaketak. Zigor erantsia da presoentzat eta haien senide eta lagunentzat. Uler liteke, bat egin edo ez, une politiko jakin batean sakabanaketa ETAko militante izaten segitzen zuelako presoak. Baina egun bukatutzat jo daiteke ETAren indarkeria; nik bukatutzat ematen dut, behintzat, aro hori; zorionez».

TOTI MARTINEZ DE LEZEAIdazlea

«Mendekua ez da sekula izan gatazka baterako irtenbidea»

1. Egun Espainiako Estatuan indarrean dagoen legeak esaten duelako presoek beren jatorritik gertu egon behar dutela. Lege horrek berak esaten duelako gaixo larri dauden presoek kartzelatik atera egin behar dutela, baita zigorraren hiru laurdenak bete dituztenak ere. Senideek ez dute zertan zigortuak izan distantzi luzeak egitera beren guraso, seme-alaba edo anai arrebak ikusteko.

2. Mendekua ez da sekula izan gatazka baterako irtenbidea, eta zigorrek giroa gaiztotzen dute aukera berriak bilatu ahal izateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.