Errealitate ezkutua da. Izozmendietan bezala, erpina baino ez da ikusten, kasu deigarrienak, bortitzenak, baina ur azpian geratzen dira haurren kontrako tratu txarren %80-85 inguru. Fisikoak bainoago, emozionalak dira, eta zailagoak dira antzematen, egindakoan bainoago, ez egindakoan baitago arazoa. Baina ia beti aztarna sakona uzten dute umeengan, tratu txar gehienak etxean gertatzen direlako, Ana Estevez Deustuko Unibertsitateko Psikologia irakasleak azaldu duenez: «Haurrak zaurgarriak dira: mundua ikusten eta ulertzen ikasten ari diren unean, inguruko pertsona maitatu batek min egiten die».
Euskal Herria ez dago salbu haurren kontrako tratu txarrez, baina ezin da jakin zein neurritan gertatzen diren, ez baitago datu zehatzik. Ez Eusko Jaurlaritzak ez Nafarroako Gobernuak ez dute gaiari buruzko ikerlanik egin, eta umeen arreta eta, zaintza eskumenak udal, mankomunitate eta diputazioetako gizarte zerbitzuen artean banatuta daudenez, ez dago datu base bateraturik.
Dena den, bada sektorekako informaziorik. Jesus Sanchez Etxaniz Gurutzetako Ospitaleko (Barakaldo, Bizkaia) pediatra Espainian eta Hegoaldean erregistroa bultzatzen ari da. 2004tik 2011ra 316 kasu «susmagarriren» berri eman zuen; hiruzpalau, hilabetean. «Hona heltzen diren gehienak lesio larriak dira, tratu txar fisikoenak eta sexu abusuenak. Baina, oro har, tratu txar ohikoena ez da fisikoa, emozionala baizik, eta oso zaila da diagnostikatzen».
«Arduragabekeria da ohikoena», berretsi du Maite Gonzalezek, AVAIM tratu txarrak jasandako umeei laguntzeko euskal elkarteko presidenteak. Funtsean, haurraren beharrizan fisiko zein psikikoak ez asetzean datza: txarto elikatu, jantzi edo garbitu, lo ordu nahikorik ez eman, medikuarengana ez eraman edota afektibitaterik ez adierazi. «Gurasoen trebetasunak auzitan geratzen dira: ez dira gai seme-alabak benetan zaintzeko eta hezteko».
Hain justu, arduragabekeria kasuak astirik gabeko gurasoekin lotuta daude sarri. «Oso zaila da ume bat heztea, eta, gainera, egungo gizarte ereduan aita-amak gauez baino ezin dira haurrekin egon», gaitzetsi du Gonzalezek. Hutsune hori estaltzeko hezkuntza eredu «permisiboegia» erabili dela erantsi du, eta arazoa bueltan etorri zaiela gurasoei: «Gero eta gehiago etortzen dira seme-alabak kontrolatu ezinik, haien jokaerei mugarik jarri ez dietelako».
Eredu autoritarioa
Baina badaude indarkeria molde aktiboagoak: irainak, gutxiespena, kolpeak, mehatxuak, gehiegizko zigorrak; tratu txar fisikoak eta psikologikoak uztartuta agertzen dira. Hezkuntza eredu «autoritarioarekin» lotzen dute adituek. Bortizkeria «sistematikoa» dela dio Arantxa Rodriguez Berriok, adingabeekiko esku hartzeei buruz Deustuko Unibertsitateak duen masterreko zuzendariak: «Zigorren helburua heztea da, baina tratu txarren xedea pertsona bat menderatzea eta kontrolatzea da. Erasotzaileek botere behar bat asetzen dute, eta horretaz jakitun dira».
Ildo horretan, «aginte figura» gisa diharduten aiten jokabidea aztertu du Miguel Lorente Acosta auzitegi mediku eta Granadako Unibertsitateko (Espainia) irakasleak: «Seme-alabak bere jabetza direla uste dute oinarrian, eta aginte-mendetasun patroia garatzen da: aitak ezartzen du zer egin behar den, oker dagoena zuzentzen du, eta seme-alabak nortasun, ezaugarri eta balio jakin batzuei lotutako gizon-emakumeak izan daitezen saiatzen da».
Baina, Lorenteren ustez, genero indarkeriaren ondorio ere badira haurren kontrako tratu txarrak. Batetik, amaren aurkako bortizkeriaren lekuko izate hutsak tratu txarra dakarkielako umeei. Eta, bestetik, halako egoeran bizi diren adingabeen %40 inguruk indarkeria fisikoa pairatzen dutela kalkulatzen delako: «Bortizkeriak emaztearekiko gatazkak konpontzeko balio duela ulertzen duen aita batek seme-alabekin ere aplika dezake bortizkeria hori».
Hirugarren aldagaia ere aipatu du: aita batzuek ama mintzeko edo mehatxatzeko erasotzen diete umeei. Kordoban (Espainia) gertatutakoa jarri du adibidetzat: gizon bat espetxeratuta dago bi seme-alaben desagertzearekin lotuta; haurren amagandik banatzen ari zen. Lorenteren ustez, gizon «posesiboaren» izaera du: «Emaztea urrundu izana egozten die seme-alabei, eta haiek desagertuz gero itzuliko dela uste du. Argudio zentzugabea da gizartearentzat, baina erreala harentzat, eta horren arabera jokatzen du, arrazionalki eta koherenteki».
Baina amek ez al dituzte tratu txarrak ematen? Bai; izatez, gehiengoa dira datu globaletan: %64, Valentziako (Herrialde Katalanak) Reina Sofia zentroaren ikerketa baten arabera. Azalpenetan, ñabardura asko. Hasteko, andreak arduratu ohi dira seme-alaben zaintzaz: «Denbora gehiago pasatzen dute haiekin, eta tratu txarrak detektatzeko guneekin harremanetan daude: eskoletan eta osasun zentroetan amak identifikatzen dira erasoekin». Indarkeria moldea ere ezberdina da sexuaren arabera: gizonak nagusi dira tratu txar fisiko, psikologiko eta sexu abusuetan, eta emakumeak, arduragabekeria kasuetan.
Estresa, arrisku faktore
Era berean, txostenak dio zaintzaileen sare sozial murritzek estresa eragin diezaieketela, arrisku faktorea. Adibidea jarri du Jesus Sanchez Etxaniz pediatrak: AEB Ameriketako Estatu Batuetako azterlan batzuek jakinarazi dute krisi ekonomikoa hasi zenetik gora egin duela haur astinduen sindromea deritzonak. «Ume jaioberriekin gertatzen da: etengabe negarrez ari da, eta aita edo ama urduritzen da; nekatuta dago, egoerak itota, ez du egoera kudeatzen asmatzen, eta haurrari astinaldi bat ematen dio, isil dadin. Kalteak eragin diezazkioke garunean».
Baina estresaren eraginaz iritzi desberdinak daude. «Jokabidearen parte bat baldintza dezake, baina ez eragin», adierazi du Lorentek. Erantzun bortitzak gurasoen trebetasun faltari egotzi dizkio Gonzalezek: «Horrelako erreakzioak landu daitezke; puntu horretara heldu aurretik aurrea har daiteke».
Edonola ere, erasotzaileen jarduna ez ezik, biktimena ere aztertu dute genero ikuspegitik. Indarkeriari desberdin erantzuten diote oro har gizonek eta emakumeek, eta haurrengan ere joera hori badagoela baieztatu du Estevezek: «Neskek barrurako nahasmendu gehiago agertzen dituzte —depresioa, antsietatea—, eta mutilek, kanporanzko portaerak —substantzien kontsumoa, indarkeria—».
Bestelako bortizkeria mota batzuk ere jasaten dituzte. «Datu globalek adierazten dute tratu txar fisiko gehiago jasaten dutela mutilek (%56), baina sexu abusu gehiago neskek (%81)», azaldu du Sanchez Etxanizek, Gurutzetako kasuetan oinarrituta. Sexu abusuen egileen %95 gizonak dira: biktimaren aita eta amaren bikotekidea izaten dira, baina sendiko edo ingurune hurbileko gizonen bat ere izan daiteke; erasotzaileen %6 baino ez dira ezezagunak.
Adina, garrantzitsu
Lorentek gogora ekarri du eraso horien atzean ere «botere sentsazioa» dagoela: «Beharrizan ez sexualak asetzen dituzten portaera sexualak dira». Abusu kasuetan, erasotzailearen eta biktimaren arteko harremana oso adierazgarria dela gaineratu du: «Batzuetan lotura berezia agertzen da bien artean: erasotzaileak botere posizio batetik eskatzen dio haurrari gertatutakoa inori ez kontatzeko, eta konplizitate antzeko bat ezartzen da; adingabeak pentsa dezake pribilegiatua dela».
Erruduntasun sentimendua ere garatzen dute umeek. Biktima guztiekin gertatzen dela azaldu du Rodriguezek: «Sozializazio prozesuetan ez dago gaizkirako eta minerako tokirik. 'Beraz, maite nauen pertsona batek mintzen banau, nire errua da, txarto portatzen naizelako...'».
Adingabeen gaineko kontrol hori nabarmena da tratu txarrak adinaren ikuspegitik aztertuta. Reina Sofia zentroaren ikerketa baten emaitzek agerian uzten dute bortizkeriak behera egiten duela haurren adinak gora egiten duen neurrian. Mutilen kontrakoak batez ere: 0-7 urte arteko biktimen ia %70 dira; 12-17 urteko tartean %50era jaisten dira. 10-12 urtetik aurrerakoak ezin direla erraz manipulatu argudiatu du Rodriguezek: «Biktimak erasotzailearen zerbitzura egoteari uzten dio, eta, gainera, arrisku bihurtzen da: erasoari erantzun diezaioke, edo norbaiti kontatu».
Edadea da, hain justu, tratu txarrak detektatzean oztopo handietako bat. «Adingabeez ari gara. Euren garapen ebolutiboaren arabera, kontuak hitzez azaltzea kosta dakieke», esan du Estevez psikologoak. Gogora ekarri du bereziki zaurgarriak direla, «ezin dituztelako euren eskubideak defendatu». Salaketa prozedurak, gainera, arrotzak zaizkie.
Hartara, «adi egon beharra» nabarmendu du Sanchez Etxanizek, «gurasoak kriminalizatu gabe», baina gerta daitekeela jakinda. Medikuntzaren ikuspegitik, gainera, badaukate indarkeria fisikoa antzemateko giltzarririk: «Adibidez, kolpeak sarri jasotzen dituen ume batek garai desberdinetako ubeldurak edukiko ditu». Halere, beti ez dago argi: «Bost urteko ume batek bi hezur hausten baditu kolpe baten ondorioz, nik ezin dut ziur jakin kolpea nahita edo nahi gabe izan den».
Hori dela eta, ikastetxeetako langileen egitekoa ezinbesteko jo du Rodriguezek. «Sentitzen dutena modu batera edo bestera adierazten dute umeek: batzuetan marrazkietan azaleratzen da, jolasean panpinekin kontatzen dituzten istorioetan, emaitza akademikoetan edo indarkeriaren aurrean dituzten erreakzioetan».
Baina zenbaitetan zaila da tratu txar denaren eta ez denaren artean bereizten. Horretarako tresna bat dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako gizarte zerbitzuek abendutik: Balora dokumentua. Adierazle batzuk neurtuz ezartzen du tratu txarrik edo arduragabekeriarik badagoen —soilik gurasoen edo tutoreen aldetik—, eta zein mailatan. Horren arabera ebazten dute, era berean, zein neurri hartu.
Adingabea familian mantentzen saiatzen dira gizarte langileak, Bizkaiko Diputazioko Haurren Zerbitzuak dioenez, «haurrak hoberen hazten diren lekua delako». Adingabean eragina duten zailtasunak lantzen dituzte sendiko kideekin, baina tratu txarrak larriak badira, umea etxetik ateratzen dute. 2011n Bizkaian artatutako 275 sendietako %25ean egoitza batera eraman zuten adingabea, eta %15ean, harrera familia batera.
Biktimekin egin beharreko lana, berriz, luzeagoa izan daiteke. «Bizitakoa behin eta berriro sentitzen dute, eta uste dute etorkizunean edozeinek min bera egingo diela. Egoera horri lotutako pentsamenduak eta emozioak ezabatzean datza terapia», azaldu du Estevezek. Gogorra da, eta mingarria, baina psikologoak argi du, halakorik gaindi daitekeen galdetzean: «Noski».
Haurren kontrako tratu txarrak
Izua etxean
Umeen aurka egindako indarkeria fisikoak erakartzen du gizartearen arreta, baina tratu txar kasu gehienak emozionalak dira, gurasoen arduragabekeriari lotutakoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu