«Izugarrikeriaren memoriarako aukera» da Bake eta Askatasun Kulturen Urtea, Lopezen ustez

Bizikidetzari eta Memoriari buruzko Kongresua egingo dute apirilean, beste hainbat ekitaldiren artean

Erredakzioa
Gasteiz
2012ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
«Pasatutako izugarrikeriaren memoria» egiteko eta «etorkizuneko elkarbizitzaren alde» erabili nahi du Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Bake eta Askatasun Kulturen Urtea. Gernikako bonbardaketa gertatu zela 75 urte izango dira aurten, eta Lopezek Bake eta Askatasun Kulturen Urtea izena jarri dio.

Duela bi urte jakinarazi zuen Lopezek 2012an hainbat ekitaldi egingo zituela, eta atzo jakinarazi zuenez, orain «ETAren jarduera amaitzea lortu dugula» esanahi berezia hartu du urteak. ETA desegitea oraindik lortzeko dagoela azpimarratu du Lopezek, baina «Europako azken indarkeria terrorista amaitzea, demokraziaren garaipena» dela uste du, «guztiek ospatu beharrekoa».

Orain «elkarbizitza demokratikoa» eraikitzeko ordua dela uste du, eta «denon artean» egin behar dela azpimarratu du. Urte hau horretarakoxe baliatu behar dela uste du. Azken hamarkadetan gertatutakoaren kontaketa «justu eta egiazkoa» egitea ere ezinbestekotzat jotzen du Lopezek.

Bake eta Askatasun Kulturen Urtean parte hartzeko deia egin zien kultur munduko jendeari, munduko «librepentsalariei», euskal gizarteari, eta batik bat, gazteriari, «beraien konpromiso eta parte hartzerik gabe ezinezkoa den etorkizunean parte har dezaten».

Hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Otsailean hasiko dute urtea ofizialki, eta La maleta mexicana eta Gerra eta bakea argazki erakusketak irekiko dituzte. Apirilaren 26an, Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrena gogora ekartzeko ekitaldia egingo dute, Gernikako Udalarekin elkarlanean. Hilabete horretan bertan, Bizikidetzari eta Memoriari buruzko Kongresua ere egingo dute. «Terrorismoak gure herrian izan dituen ondorioei buruz».

Ekainean poesiaren nazioarteko jaialdia egingo dute, Bilbon, Blas de Oteroren liburuaren omenez, Pido paz y la palabra goiburuarekin.

Ekitaldirik esanguratsuenetako bat uztailean izango da. Kulturak hitza hartu du lelopean, jardunaldiak egingo dituzte, eta, iragarri dutenez, nazioarteko hainbat intelektual eta pentsalarik parte hartuko dute. Zygmunt Bauman Poloniako soziologoa, Susan Sarandon aktorea eta Dai Sijie eta Antonio Tabucchi idazleak bertan izango direla aurreratu dute. Haserretu zaitezte liburuaren idazle Stephane Hesselek ere parte hartzeko gogoa azaldu duela esan du Lopezek, baina adinarengatik ez duela ziurtatu etorriko den edo ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.