Sei dira Espainiako Auzitegi Nazionalean epaitzen hasi diren somaliarrak. NATOk atxilotu zituen. Bahiketa saioa ukatu eta itsasora erori zen lagun bat erreskatatu nahian ari zirela argudiatu dute horietako bostek. Seigarrenak uko egin dio deklaratzeari somaliera itzultzailea aldatzeko eskaera aintzat hartu ez dutelako; azaldu du itzultzailea ez zela bere lana ondo egiten ari.
Gaur hasi da epaiketa. Fiskalak hemezortzi urte eta erdiko espetxe zigorra eskatu du eurentzat erakunde kriminala osatzen zutela frogatzen bada; hamasei urte eta erdikoa, talde kriminaleko kide direla frogatuz gero. Susana Landeras fiskalak dio sei horiek izan zirela Izurdia bahitzen saiatu zirenak, eta ordu erdiz jarraitu zutela, "abiadura handian eta tiroka". Armarik ez zutela esan dute horiek, ordea, eta ez ziotela eraso atunontziari.
Atunontziko marinelek erasoen kontrako protokoloa abiatu zuten; segurtasun zerbitzu pribatuko kideek babestu zituzten. Biharamunean Herbehereetako gerra itsasontzi batek auzipetuak aurkitu eta tiro egin ostean atxilotu zituen. Albiste agentzien arabera, aurretik somaliarrek itsasora bota zituzten euren armak. Euren ontzian labanak, erramintak eta sokak besterik ez zuten aurkitu.
Espaniako Defentsa Ministerioak Espaniaratu egin zituen atxilotuak eta ondoren, Auzitegi Nazionalaren esku utzi zituen. Espetxean izan dira harrezkero.