Izurriak dagoeneko 280.000 pertsona hil ditu munduan

Lau milioi pertsona kutsatu dira izurria hasi zenetik, John Hopkins Unibertsitatearen datuen arabera.

New Yorkeko Park Avenue, ia hutsik, atzo. Izurriaren foku nagusia dira gaur AEBak. PETER FOLEY / EFE
Edu Lartzanguren.
2020ko maiatzaren 11
10:55
Entzun

Izurriaren jarraipenaren erreferentzia bihurtu da AEBetako Johns Hopkins Unibertsitatea, batez ere pandemiaren foku nagusia AEBetan dagoenetik. Datuak berritu ditu ikerketa zentroak, eta, horien arabera, izurriak dagoeneko 282.728 pertsona hil ditu munduan.

Heriotzetako 79.528 AEBetan gertatu dira. Erresuma Batua da bigarrena zerrenda beltzean: 31.930 hildako, eta Italia hirugarrena, 30.560 heriotza izan baitira han. Erresuma Batuaren kasua nabarmentzekoa da, Italia gainditu berri baitu heriotza eta positibo kopuruan.

Izurria hasi zenetik, 4.103.152 kasu baieztatu dituzte ofizialki mundu osoan. Hainbat zientzialarik azken egunotan zabaldu dutenez, litekeena da benetako kopurua halako hamar izatea. Sendatuak 1,4 milioi dira dagoeneko munduan.

Beste arreta gune nagusietako bat Errusia da. Dagoeneko bosgarren lekuan jarri da kasu kopuruaren zerrendan, Alemaniaren aurretik. Izan ere, egunero 10.000 kasu baino gehiago ari dira atzematen azken egunotan. Denera 209.688 kasu ofizial daude, eta 1.915 hildako zenbatu dituzte.

Interesgarria da Brasilen kasua ere, hango presidente Jair Bolsonaro ultraeskuindarrak uko egin baitio neurriak hartzeari izurriari aurre egiteko: dagoeneko 162.699 positibo ditu herrialdeak, eta 11.123 pertsona hil dira.

Turkiaren kasuak, berriz, ilustratzen du izurriaren joera bat: gaitza beranduago atzeman duten herrialdeek goiztiarren kopuruak gainditzen dituzte: Turkiak Iran gainditu du, 138.657 kutsaturekin (3.786 hildako).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.