"Badator Marijaia", dio abestiak, eta berriro heldu da. Arratsaldeko zazpiak puntuan zirela, eztanda egin du jaiak. Jendetza bildu da jada Arriaga plazan, festari hasiera emateko prest.
Bidaideak Bilbao BSR gurpil aulkiko saskibaloi taldeko kapitain Asier Garciak irakurri du pregoia, eta Piztiak konpartsako Loreto Errasti izan da txupinera. Garciak "elbarriak errespetatuak izango diren Bilbo eta Euskal Herria" aldarrikatu ditu, eta herritarrei gonbita luzatu die kirol paralinpiko guztiak ezagutu ditzaten. Txupina lehertuta, konfeti zuri-gorriak estali du Arriaga plaza.
Bilboko Aste Nagusiaren ordua iritsi da, eta, atsedenik gabeko bederatzi egunetan, abuztuaren 24ra arte, doako 300 ekitalditik gora antolatu dituzte hiriburuan.