Hondarribiko alardea

Jaiak iragartzeko kartelean konpainia bat falta da

Udalak antolatutako lehiaketa batean aukeratu dute irudia; Jaizkibel konpainiak gaur arratsaldean aztertuko du gaia, bilera batean

arantxa iraola
2017ko abuztuaren 16a
07:45
Entzun

Hogei biribilez osatutako kartel bat hautatu dute aurten Hondarribiko jaiak iragartzeko; hemeretzi gorriak dira, eta bat beltza. Pentsatzekoa da irudi horrekin erreferentzia egin nahi izan zaiela alardean kantinerarekin ateratzen diren konpainiei, denek txapel gorria eramaten baitute, eta batek beltza. Arazoa da, ordea, txapel bat falta dela; izan ere, Jaizkibel konpainia parekidea —desfilean andreak gizonen pare onartzen dituen bakarra— aintzat hartuta, 21 dira alardean kantinerarekin desfilatzen duten taldeak. Hogei urte da konpainia hori sortu zela, baina aparte desfilatu behar izaten du, besteek ez dutelako onartzen emakumeek bertan duten presentzia parekidea.

Kartela aukeratu dute Hondarribiko Udalak antolatutako lehiaketa baten barruan. Jose Angel Ligero da egilea, Errioxako sortzaile bat. Adierazi du asmo txarrik gabe jardun zuela. "Nik uste nuen hogei konpainia besterik ez zela ateratzen; lehengo urtean, udaleko zinegotzi batek halaxe adierazi zidan", adierazi dio gaur goizean BERRIAri. Udalarekin harremana du, lehengo urtean ere berak irabazi zuelako kartel lehiaketa. Hala ere, esan du ez zuela alardean emakumeen parte hartzearen inguruan dagoen polemikaren berririk. "Ez nuke inoiz ere ezer egingo inor baztertzeko". Udalarekin harremanetan jartzeko ahalegina ere egin du BERRIAk, baina hango komunikazio arduradunek adierazi dute gaur ezin dela inor ere mintzatu gaiaren inguruan.

Jaizkibel konpainiako kideek gaur arratsaldean aztertuko dute gaia, bilera batean.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.