Iruñeko alkate Enrique Maiak aurtengo sanferminen balorazioa egiterakoan "normaltasunez" ospatu direla nabarmendu nahi izan du gaur: "Festa osoak izan dira, normaltasunez igaro dira eta eguraldi ona egin du; jende asko etorri da, astebukaeran batez ere, eta azken egunetan etxekoek leku gehiago izan dute".
Igandeaz geroztik izan diren sexu erasoen inguruan emakumezkoak artatzeko lanean jarraitzen dutela esan du, eta Nafarroako Emakumearen Institutuak horrelakoak gerta ez daitezen egiten duen lana azpimarratu du. Eraso sexistak festan egitea are eta larriagoa dela esan zuen, eta gaur ere udalak irmo gaitzesten dituela eta borrokatuko dituela adierazi du.
"Horrelako gehiegikeriak izan direla frogatzen bada, Justiziak zalantzarik gabe bete arazi beharko du legea, indar eta ondorio guztiekin. Onartezina da edozein indarkeria eta eraso, eta are onartezinagoa bihurtzen du noski, festa giroa baliatzeak", esan du Maiak.
1.034 tona zabor
Esan du alkateak auto gehiago iritsi direla Iruñera, trena erabili duten festazaleak %5 gehiago izan direla aurten eta hotelak %85 bete direla. Entzierroan adarkada gutxiago izan direla ere bai. Gainera, herritarrak zoriondu ditu zaborrarekin erakutsi duten jarrera eredugarriagatik. "Udalaren garbitzaileen lana erraztu dute". 1.034 tona zabor bildu dituzte.
Egitaraua ofizialeko ekitaldiak ikusten milioi eta erdi ikusle izan direla adierazi du Maiak, eta su-artifizial lehiaketaren ostean, erraldoi eta buruhandien konpartsak biltzen dituela ikuste gehien: 225.000 ikusle egunean.
NaBai koaliziak ere sanferminen balorazio positiboa egin du, baina "alaiak" eta "dibertigarriak" izan direla onartu arren, zenbait "itzal" ere izan direla zehaztu du. Besteak beste, garbitasunean. NaBairen iritziz baliabide pertsonal eta material gehiago behar ziren. Gora Iruñea!-ren egitarauari zenbait baimen ez ematea ere kritikatu dute.
NaBairen babesa sexu erasoak jasan dituztenei
Iñaki Cabases, Aritz Romeo eta Ana Barrena zinegotziek herritarren jarrera txalotu dute, "kaleak animatuz eta festak ospatzen jakinez". Bereziki erraldoi eta buruhandien konpartsaren ekarria azpimarratu dute, eta etorkizunean Udaletxeko plazako agurra egitarauean mantendu behar dela esan dute.
Izan diren sexu erasoen gainean esan dute prebentzio eta sentsibilizazio planak behar direla, eta erasoak jasan dituztenentzat babesa adierazi eta behar diren baliabideak eskatu dituzte. Udaltzainak alkatearen aginduetara aritzea ere kritikatu dute, batik bat, uztailaren 6an txupinazoan ikurrina kentzerakoan eta uztailaren 8an German Rodriguezen monolitotik loreak kentzerakan.