Emakundek Emakumeek Euskal Autonomia Erkidegoko tokiko jaietan parte hartzeko estrategiak azterlana aurkeztu du, jaietan berdintasuna eta emakumeen parte hartzea sustatzeko erabili diren estrategia ezberdinak ikertu eta analizatuz. Horretarako, bederatzi herritako festak aztertu dituzte: Gasteiz, Amurrio, Laudio (Araba), Bilbo, Berriz, Gernika (Bizkaia), Donostia, Antzuola eta Tolosa (Gipuzkoa).
Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariaren arabera, tradizioak elementu garrantzitsuak izan dira herrietako giza kohesiorako, baina beharrezkoa da tradizio horiek garai berrietara egokitzea: «Berdintasuna bermatzeko, jaiak eguneratzea ezinbestekoa da». Horiek horrela, ikerketan jasotako esperientziak pizgarri izatea espero dute, beste herri batzuetako jaiak «gure garaiko errealitate sozialera egokitzeko». Ikerketa Margaret Bullenek, Lidia Montesinosek eta Begoña Pecharromanek osatu dute, eta hori abiatu zuten 2018an Hondarribiko alardean egoera gogortu ostean.
Bullenek adierazi duenez, ikerketaren helburua izan da Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko herrietako jai giroan emakume eta gizonen berdintasunezko parte hartzea sustatzeko prozesu eta estrategiak biltzea. Hainbat eragilerekin hitz egin dute azterlana egiteko. «Uste dugu txostena erabilgarria izango dela prozesu parte hartzailea eta berdinzalea bultzatzeko, bai Hondarribian, bai Irunen, baita gure herriko beste hainbat festatan ere». Azpimarratu dute askotariko estrategiak identifikatu dituztela, baina aldaketak ez direla egun batetik bestera egiten, eta tradizioen eraldaketa prozesua motela da: «Eragile anitzen inplikazioa eskatzen du».
Estrategiak
Montesinosek esan duenez, ikerketa osatzeko, hainbat galdera planteatu zituzten: Zer kasu izan dira? Non abiatu dira jaietan egokitzapen prozesuak? Nola egiten dute? Zer estrategia erabili dituzte parte hartze parekidea lortzeko? Nor arduratu da horretaz?. «Ikerketa prozesu honen bidez agerian geratu da martxan jarri daitezkeen estrategia eta egitasmoak askotarikoak direla».
Jaiak parekideagoak egiteko orduan, hiru prozesu mota sailkatu dituzte, nahiz eta adierazi horiek askotan elkarri lotuta daudela. Batetik, prozesu organikoak: kasu horretan, herritarrek beraiek aldarazten dituzte jaiak, testuinguru sozialaren errealitatera egokituta. Bestetik, emakumeek, kolektibo feministek edota jai batzordeek berdintasunaren alde sustatzen dituzten prozesuak daude. Eta, azkenik, erakunde publikoek bultzatutakoak.
Hainbat esku-hartze eremu ere zehaztu dituzte: festen alde «protagonistetan» egin beharrekoak: dantzak, prozesioak edo desfileak; ekintza ezberdinez osatutako jaietako programetan: kirol jarduerak, lehiaketak, bazkariak edota musika saioak; jaiak antolatzen dituzten elkarte eta erakundeen artean: konpartsak, kuadrillak eta beste; jaiaren irudikapen grafiko nahiz testualetan: pertsonaiak, kartelak, bideoak edota abestien letrak; eta indarkeria matxistari lotutako kasuetan.
Montesinosen arabera, jaietan inplikatutako eragileen eta esku-hartze eremuen artean zenbait estrategia aipagarri identifikatu dituzte: «Aztertu ditugun estrategietan ez dugu bakar bat aurkitu, elementu ugari eta askotarikoak baizik». Horien artean daude, esaterako, estrategia aldarrikatzaileak, elkarrizketa eta bitartekaritza bidezkoak, juridikoak edota genero rolei lotutako sormenezko estrategiak. Azken horretan sartuko lirateke irudi berriak sortzea, irudi estereotipatuak ezabatzea, festa alternatiboak egitea, eta baita espazio mistoak eta ez-binarioak sortzea ere. Horrez gain, estrategia instituzionalak edo komunikatiboak ere azpimarratu dituzte.
Adierazi dutenez, bildutako estrategiek emakumeak jaietako hainbat esparrutan parte hartzea bultzatzen dute, eta genero ikuspegia zabaltzeko balio dute. «Ildo horretan, aldaketa prozesuetan aurrera egiteko gakoa elkarrizketarako eta partaidetzarako espazioak sortzea eta askotariko eragileen arteko adostasunak bilatzea da», esan du Montesinosek.
Bullenek nabarmendu du azken hamarkadetan ugaritu egin direla aldaketak. Adierazi du agerian geratu dela jaietako jardueretan tentsioa eta gatazka sortzea ohikoa dela, baina egiaztatu dutela jaietan inplikatutako guztien konpromiso eta elkarlanaren bidez eraldaketa bide bakar eta komuna adostu daitekeela. «Jaietan gertatzen diren aldaketei begira, lau gauza hartu behar dira kontuan: testuinguru soziala aldatzen delako eraldatzen dira jaiak; pertsonek eraldatzen dituzte; jaien eraldaketa prozesua etengabea eta askotarikoa da; eta elkar eginean aldatzen dira». Prozesu horretan, hainbat elementuk dute rol garrantzitsua, eta bidean udalek duten inplikazioa azpimarratu dute.
«Tradizioen transmisioa garrantzitsua da, baina askoz gehiago horren sozializazioa eta berdintasun balioetara egokitzea. Modu asko daude horretarako. Aniztasuna bilatu behar da, diskriminazioa eta bazterketa alboratuta».