Sexu erasoak festetan

«Jaietan ere, ezetz ezetz da»

Autodefentsa ikastaroak sustatzea, arrisku guneak identifikatzea eta salaketarako bideak erraztea. Emakume taldeek eskari horiek egin dituzte festetako sexu erasoei aurre egin ahal izateko.

Baionako bestetan izandako bortxaketa kasu bat salatzeko bilkura, iaz. GAIZKA IROZ.
ainara arratibel gascon
2011ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Jaietan ez da dena zilegi. Emakume batek ezetz dioenean, ezetz da, eta hori irmo defenda dezan, baliabideak eman behar zaizkio». Hori da festetan izaten diren sexu erasoen inguruan talde feministek aurten, berriro ere, plazaratu duten mezua. Horiei aurre egiteko ekimen falta ikusten dute administrazioen aldetik, eta hori dela eta, jai batzordeekin eta peñekin egiten ari diren lanaren garrantzia azpimarratu dute. Hala, eskari garbia egin diete herritarrei: «Ez onartu eraso sexista bakar bat ere, eta ikusi edo jasanez gero, salatu».

Euskal Herriko hiriburu bakar batean izan dira orain arte jaiak: Iruñean. Bertan, hiru sexu eraso salatu zituzten. Baionan gaur hasiko dira festak, eta urtero izaten da halako erasoen berri han ere. Bilgune Feministako Edurne Epeldek eta Saioa Iraolak nabarmendu dute festak egunero gertatzen denaren isla direla. «Estereotipoz beteta daude, eta botere harremanak beste edozein egoeratan bezala izaten dira. Hori aldatu egin behar da, eta emakumeak jaiak bere egin behar ditu». Hala, festetan ere botere harreman horien aldaketan eragin daitekeela uste dute. «Parekideak diren jaiak lortu behar ditugu. Hori erraz esaten da, baina kasu askotan jaien antolakuntzako erabaki guneetan parte hartze txikia dugu emakumeok».

Tere Saez berdintasun teknikari eta Andrea elkarteko kideakbeste bi hausnarketa egin nahi izan ditu. Batetik, emakumeek jaiez gozatzea bermatu behar dela. «Horrek esan nahi du, beste gauza batzuen artean, etxeko lanak eta haur, adineko eta mendekotasuna duten pertsonen zaintza partekatu egin behar direla. Izan ere, oraindik emakumeak baitira batez ere umeak edo adinekoak zaintzen geratzen direnak, eta gizonak gozatzen du jai giroaz». Bestetik, kezkatuta dago jaietan dena zilegi dela dioen uste zaharra desagertzea lortu ez delako. «Hori kezkatzekoa da. Izan ere, emakume batek ezetz badio, ezetz da. Hori beti errespetatu behar da». Emakundeko zuzendari Maria Silvestrek salatu du, gainera, kasu askotan alkohola aringarri gisa erabiltzen delafestetan izaten diren sexu erasoei larritasuna kentzeko. «Astakeria galanta da hori. Alkoholak ezin duaringarria izan; alderantziz, larriago egiten du egoera».

Mugimendu feministak, ordea, administrazioen aldetik ez du hori guztia aldatzeko borondaterik ikusten. «Emakunderen eta Nafarroako Berdintasunaren Institutuaren aldetik ez dugu ekimenik ikusten. Hitz politak dituzte, baina hortik harago ezer gutxi». Udalen aldetik ere konpromisoa eskasa sumatzen dute:«Zerbait egiten badute, gainera, kasu askotan berdintasun teknikariaren konpromiso eta lan pertsonalagatik izaten da». Baionako Emakumeen Bortizkeriaren Aurkako Taldeko kide Anuntxi Aranak ere, herriko etxeak konpromiso «urria» duela salatu du. «Duela hiru urtera arte ez zuten ezer egiten. Ordutik, lortu dugun gauza bakarrak da afixa batzuk ateratzea. Baina iaz horiek ere gutxiago izan ziren. Krisiagatik ez zituztela gehiago atera esan ziguten».

Silvestrek, haatik, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udalekin egiten ari diren lana defendatu du. «Nahiz eta jaietako batzorde eta antolatzaileekin harreman zuzena ez izan, Berdin Sarearen eta Eudelen bidez urte osoan ari gara sexu erasoen prebentziorako eta salaketarako lanean; eta, nola ez, baita jaietan ere. Horiei begira hainbat herritan argitaratu dituzten informazio eta prebentziorako materialak egiten lagundu dugu, adibidez». Dena den, Silvestreren ustez «erabakigarria» da arazoaren sozializazioa ere. «Administrazioek gure ardura dugu, baina garrantzitsua da ere bai herritarrek parte hartzea».

Esperientzia «txarra»

Erakundeekin izandako azken esperientzia ez dela oso ona izan gogorarazi dute Bilgune Feministako eta Andreako kideek. Iruñeko Udalarekin izan zen, sanferminetan salatutako hiru sexu erasoen ondorioz. Saezen irudiko«desastre hutsa» izan zen udalaren jokabidea. «Erasoak ezkutatzen saiatu ziren, eta hori onartezina da». Yolanda Barcina Iruñeko alkatetzara iritsi zenetik gertatu omen da hori. «Ordura arte lan handia egiten zen. Baina Barcinak erabaki zuen gai hori ez zela existitzen».Silvestreren arabera, Iruñeko Udalaren jarrera «okerra» izan zen. «Erantzun irmoagoa eta azkarragoa eman behar zuten. Gainontzean, badirudi administrazioek normaltzat hartzen dugula jaietan halako erasoak izatea».

Festa batzordeekin lanean

Erakundeen jarrera ikusita, emakume taldeek jai batzorde eta peñekin elkarlanean aritzearen alde egin dute. Hala, eredugarria iruditu zaie aurtengo sanferminetan gertatutakoa. «Herritarrek beraiek jo dute guregana sexu erasoak salatzera, eta, horri esker, gertatu eta berehala jakin eta salatu ahal izan ditugu. Txalogarria da, gainera, peñek salaketa egiteko iniziatiba hartu izana», diote Epeldek eta Iraolak. Saezen ustez, Iruñean mugarria izan zen Nagore Laffageren hilketaren kasua.«Guk urteak generamatzan herritarrei eta peñei konpromisoa eskatuz, eta pixkana ari gara fruituak lortzen». Beste hiriburuetako jaietan ere hala izatea espero dute. Baina Aranak uste Baionakoan zaila izango dela. «Peñen jarduera herriko etxeak finantzatzen du, eta ez dute nahi izaten eztabaidetan sartu».

Elkarlanari esker festei begira egiten dituzten eskariak indarra hartuz joatea espero dute. Hala, autodefentsarako ikastaroak oso baliagarriak izan daitezkeela uste dute Epeldek, Iraolak eta Saezek. «Donostian, adibidez, oso ekimen interesgarria bultzatzen ari dira, festen aurretik emakumeak autodefentsan trebatzeko».

Horrekin batera, guztiek bdiote gune arriskutsuak dentifikatu behar direla. «Argiztapenean dauden gabeziak ere ikusi behar dira, eta festa gunea non kokatzen den. Hirigunetik urrun kokatzen bada, arriskua handiagoa da». Silvestrek gogorarazi du emakumeak bere modura bizi dituela hiri eta herriak. «Baina haien eraikuntzan eta egituraketan ez da hori islatzen. Jai guneen kokapena ez da salbuespena». Gainera, Aranak iritzi dio hiriburuetako jaietan erasotzaileek zigorgabetasun handiagoz jarduten dutela. «Biltzen den jendetza aprobetxatzen dute». Horri lotuta, Aranak Baionako emakume taldeek aspalditik egiten ari diren eskari bat ekarri nahi izan du gogora. «Ostalariei komunak irekita uzteko eskatzen diegu. Izan ere, gainontzean, emakumeek urrutira joan behar izaten dute pixa egitera, eta halakoetan erasoa izateko arriskua handiagoa da».

Prebentzioarekin batera, ezinbestekoa ikusten dute halako eraso bat gertatzen denean biktimak argi izatea nora jo behar duen. Kasu askotan, salaketa jartzeko orduan emakumeek «benetako gurutze bidea» bizi behar dute. «Askotan batetik bestera ibili behar izaten dute. Gainera, behin salaketa jarrita ematen duten laguntza psikologiko eta legal apurra jaso ahal izateko paper mordoa bete behar duzu», esan dute Epeldik etaIraolak. Hala, emakume taldeek beti eskatu izan dute erasoren bat izan duten emakumeei laguntzeko gune edo txoko bat jartzea jaietan. Baionan bada bat. «Soilik egunez dago irekita, ordea. Baina eraso gehienak gauez izaten dira.

Dena den, Saezek azaldu du oraindik ere emakume askori «beldurra eta lotsa» ematen diela jaietan izandako sexu erasoaksalatzea. «Errudun sentitzen dira. Hori aldatu behar da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.