Jaietan sexu erasoak saihesteko, gizonei dei egin diete Donostian

Emakumeen aurkako erasoak baztertzeko kanpaina bat sortu du Donostiako Udalak Aste Nagusirako

Genero indarkeriaren aurkako elkarretaratze bat Iruñean, Astelehen Lilak ekimenak deitua. J. MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2011ko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Sexu erasoei aurrea hartu eta haien aurka borrokatzeko kanpaina antolatu du Donostiako Udalak aurten ere. Jai giroan ere, «ezetz ezetz da», eta Aste Nagusian hala izan dadin exijitu du udalak. Emakumeen aurkako erasoen inguruan hartzen den jarreraren arabera gizarteak erantzukizun handia bereganatzen duela gogorarazi du, eta gizonezkoen rola nabarmendu egin du. Batez ere gizonei bidali nahi diete mezua, auzian duten arduragatik.

Aurtengo kanpaina zabalagoa izango da, eta bi ardatzen inguruan sakonduko du: neskei autodefentsa feminista irakastea eta mutilei eraso sexisten inguruan duten erantzukizuna ikusaraztea. Hala, autodefentsa feministarako hiru ikastaro izan dira uztailean Emakumeen Etxean, Donostiako Autodefentsa Feminista Taldearen eta Maitena Monroyren eskutik. Oso ezkutuan egindako erasoak antzematen laguntzeaz gain, beren burua defendatzeko baliabideak eskaini dizkiete hirurogei emakumeri urte osoan, eta antolatzaileen balorazioa positiboa da oso.

Festetako agertoki diren ostatu eta tabernei begira ere pentsatu dute kanpaina, eta «ezetz ezetz da» dioten paperezko 300.000 musuzapi banatuko dituzte erdialdeko eta Parte Zaharreko edaritegi eta txosnetan, Ostalaritzako Federazioarekin elkarlanean. «Toki honetan ez da eraso sexistarik onartuko» dioten 140 eranskailu ere banatuko dituzte. Eranskailuarekin batera, erasoen inguruan nola jokatu eta nora jo azaltzen duen orri bat ere izango da eskuragarri. Horrez gain, mila prebentzio kit banatuko dira, eraso sexistak antzematen lagundu eta defentsarako jarraibideak emate aldera.

Ekimen horien bidez, festak emakumeen sexu askatasuna errespetatzearen eta erasoak gaitzestearen aldeko giroaz blaitu nahi ditu Donostiako Udalak. Etenik ez duen arazo bat izanik, gizarte osoaren erantzukizuna eta konpromisoa eskatu du udalak, jai giroan ezetz ezetz dela argi utz dezaten Aste Nagusian ere.

Oiartzungoa, espetxera

Oiartzungo xanistebanetan uztez mutil bat bortxatzeko saioa egin eta hura jipotu zuen gizonezkoa espetxeratu egin du Ertzaintzak.

Ostegunean atxilotu zuten, erasoarekin zerikusirik izan zezakeelakoan. Haren deklarazioaren ondoren, espetxeratu egin dute ustezko erasotzailea, sexu askatasunaren aurkako delitua egotzita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.