euskal herria

Jaione Jauregiren estradizio eskaera ukatu du Ganteko Apelazio Auzitegiak

Flandrian atxilotu zuten urriaren 8an, eta Belgikako Justiziak ontzat jo zuen Espainiaren estradizio eskaera. Apelazio auzitegiak, berriz, atzera bota du.

2013ko azaroaren 1a
17:51
Entzun

Paul Bekaert Jauregiren abokatuak ez daki Ganteko Apelazio Gorteak eman dituen azalpenak euskal iheslariaren izenean jarri zuen helegiteaz, ez baitu erabakiaren berri ofizial idatzirik jaso oraindik. Fiskaltzak ez du astelehen arte jakinaraziko Ganteko erabakia gora joko duen. Hala balitz, Kasazio Auzitegiak hartuko luke Jauregiren gaineko azken erabakia.

"Euskal herritarrei justizia espainiarrak giza eskubideak urra diezazkien daukaten arriskua" erabili zuen Jauregiren abokatuak Belgikak hartutako erabakiari helegitea jartzeko argudio gisara, Ganteko auzitegian. Defentsak Espainiaren esku uztearen kontra ere egin du esanez, araudiak ezartzen duen "arrazoizko epea" gainditu duela. 1979tik dago ihes eginda; 32 urte igaro dira Espainiak leporatzen dizkion delituak ustez egin zituenetik.

ETArekin lotuta atxilotu zuen urriaren 8an Belgikako Poliziak. Espainiako Barne Ministerioak zabaldu zuenaren arabera, Belgikako Gante herrian atxilotu zuten, Espainiako Poliziarekin eta zerbitzu sekretuekin elkarlanean. Espainiako Auzitegi Nazionalak Jauregiren aurkako bi agindu emanak zituela ere jakinarazi zuen: "terrorismo" delituagatik bata, eta hilketa delituagatik bestea.

2007. urtean zigortu zuen Jauregi Auzitegi Nazionalak —ihes eginda zegoen—, beste hiru lagunekin batera. 28 urteko zigorra jarri zieten, 1981eko martxoan Ramon Romeo Espainiako armadako teniente koronela hil zutela leporatuta. ETAren Bizkaia komando-arekin lotu zituzten guztiak. 2004an, gainera, Auzitegi Nazionalak Jauregiren aurkako euroagindu eskaera egin zuen, "autoritatearen aurkako atentatua" egotzita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.