Zeledon jaitsi eta piztu da erioa Gasteizen. Arratsaldeko seietan txupinazo hotsa entzun eta kanpandorretik bere etxerako bidea egin du, beti bezala. Aurten hori bai, aterki berriarekin egin du, Gasteizen hiriburutasun berdeari omen eginez atondutako aterki berdearekin.
Jendez lepo zen Andre Mari Zuriaren plaza, jai giroa nagusi, kolore guztietako edari zipriztinak han eta hemen, jantzi garbirik inon ere ez; eta Zeledon etxera denen gainetik, aterkiari heldurik. Handik Gorka Urtiz de Urbina atera da, hamabigarren urtez segidan haragizko Zeledon, eta plazaren beste aldean dagoen balkoira abiatu da, hainbat neska eta blusen laguntzaz, han ziren txupineroak eta hiriko alkatea begiz jota.
Kostatuta baina iritsi da jomugara. Han zituen zazpia noiz jarriko Javier Maroto alkatea, eta euskararen alde egindako lanagatik aurten suziriari su emateaz arduratu direnak: Katixa Agirre idazlea, Joseba Aginagalde eta Mailu Lasarte irakasleak, eta Iñaki Tena bertsolaria. Denei zapia lotu, besarkatu eta balkoiburura agertu da Zeledon, jaien ereserkia kantatzera. Plaza osoak aho batez abestu du harekin.
Hasi dira festak. Ostegunean amaituko dira.