Festak

Jaitsi da Zeledon

Hasi dira festak Gasteizen. Aurten, Zeledonen sorreraren 50. urteurrena dela-eta, Iñaki Landak lagundu dio Gorka Ortiz de Urbinari. Hamabi minutu behar izan dituzte plaza gurutzatzeko; blusen talde batek ireki die bidea. Hilaren 9an bukatuko dira festak.

2007ko abuztuaren 4a
18:23
Entzun
Irten du Zeledonek, eta hasi dira festak Gasteizen, Andra Mari Zuriaren festak. Hilaren 9ra arte gelditu gabe ariko dira, bada-eta ekitaldia noiz-nahi eta non-nahi.

Arratsaldeko seiretan ekin diete ofizialki festei, Andra Mari Zuriaren plazan, suziria botata eta Zeledon jaitsita. Hain zuzen, aurten dira 50 urte Zeledon sortu zutenetik, eta ideia bururatu zitzaien lagun batzuk izan dira suziria botatzen.

Zalduondoko Celedonio Alzola omendu nahian otu zitzaion Zeledonen irudia sortzea Gasteizko gazte kuadrila bati duela 50 urte. Zalduondoko baserritarra urtero joaten omen zen Andra Mari Zuriaren jaietara. Haren izaera adeitsua ezagun egin zen gasteiztarren artean eta, hura hil zenean, hutsunea nabaritu zuten hiritarrek. Haren omenez sortu zuten Zeledonen jaitsiera duela 50 urte.



Gorka Ortiz de Urbina izan da gaur ere Zeledon. Duela zazpi urte utzi zion Iñaki Landak lekukoa. Gaur, dena den, urtemuga dela-eta, Landak lagundu egin dio Ama Birjin Zuriaren enparantza gurutzatzen San Miguel elizaren balkoiraino. Hamabi bat minutu behar izan dituzte plaza gurutzatzeko; blusen talde batek ireki die bidea aurten, ez udaltzainek. Ez da iskanbilarik sortu. Lehen aldia da bi Zeledon izan direla. Bien aurretik Jose Luis Isasi aritu zen Zeledonen lana egiten, 22 urtez. Landak berak 20 urtean jardun zuen.

Jendetza bildu da plazan gaur ere. Euskal presoen aldeko bandera ugari zegoen, Segi-renak ere bazeuden, erabaki eskubideaz Batasunarena... Eta beroa, galanta; 40 bat gradu. Suhiltzaileek jendeari ura botatzen jardun dute, freskatzeko.

Orain, beraz, bi euskal hiriburu daude festatan: Gasteiz eta Baiona.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.