Hondarribiko alardea

Jaizkibel: "Ez dugu atzerapauso bakar bat onartuko"

Larunbatekoak "atzera doan olatu baten alderdirik bortitzena" erakutsi zuela salatu du Jaizkibel konpainiak. EH Bilduk azalpenak eskatuko dizkie Iñigo Urkullu lehendakariari eta Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuari Eusko Legebiltzarrean. Larunbateko laburpen bideoa, albistean.

Jaizkibel konpainia, arratsaldeko desfilean. GORKA RUBIO, FOKU
itziar ugarte irizar
2018ko irailaren 10a
07:11
Entzun

Azken urteetako irudirik gogorrenak ekarri zituen Jaizkibel konpainiaren aurkako jazarpenak larunbatean. Txistuka, oihu artean eta plastiko beltzekin hartu zituzten alarde parekideko kideak Kale Nagusian, eta bizi izandakoa salatzeko oharra atera du goizean konpainiak. Larunbatean jazotakoa "urte askotako utzikeriaren ondorio" izan dela adierazi du.

Oroz gain, larunbatean jazotakoa atzerapausotzat jo du Jaizkibelek, eta argi adierazi du ez dutela halakorik onartuko: "Ez dugu atzerapauso bakar bat onartuko". Gizartea "berdintasunaren olatua" harturik doa, baina Kale Nagusiko gertakariek "atzera doan olatu baten alderdirik bortitzena" erakutsi dute Jaizkibelentzat. Bideoa: laburpen bidea (Julen Aperribai, BerriaTB).

[YouTube]https://youtu.be/zZl8lHcGmaY[/YouTube]

Egoeraren erantzuletzat jo ditu instituzioak, Hondarribiko Udalarekin hasi eta Lehendakaritzarekin buka. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailari aipamen zuzena ere egin diote oharrean, eta salatu Jaizkibelen aurkako jazarpena "zigorgabetasun osoz" gertatzea ahalbidetzen dutela.

Goizean egoerak "ustekabean" harrapatu zituela adierazi dute, eta konpainiako kide asko "shock egoeran" utzi zituela. Arratsaldean, ordea, Jaizkibelek "indar, kemen, alaitasun eta errespetu" erakustaldia egin zuelakoan da konpainia, "erasoen gainetik bere pausoen indarra erakutsiz".

Jaizkibelena "gizartera egokitutako olatu bat" dela azpimarratu dute, eta, berriro ere, "erantzukizunez" jokatzeko deia egin diete udalari, aldundiari eta Jaurlaritzari. "Badakigu olatu atzerakoi horren azken uneak bizi izaten ari garela, baina horren desagertzeak ez dio zertan eraso gure duintasunari", nabarmendu dute. Bideo iruzkina: Arantxa Iraola eta Garikoitz Goikoetxea (Julen Aperribai, BerriaTB).

[YouTube]https://youtu.be/h16VE3ng0iU[/YouTube]

EH Bilduk azalpenak eskatu dizkio gaur Iñigo Urkullu lehendakariari eta Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuari. Koalizioak Jaizkibel konpainiak jasandako "jazarpena" salatu du. "Hondarribian, Irunen bezala, urtero berdintasunerako eskubidea urratzen ari dira. Larria bezain onartezina da", dio EH Bilduk. Kezka agertu du gainera, "aurrerapausoak ez egoteaz gain", alarde parekidearekiko jarrera areagotu egin delako.

EH Bilduk Eusko Jaurlaritzari leporatu dio "mutu" geratzea horren aurrean, eta salatu du Jaizkibeleko emakume eta gizonek jasan zituzten irain, txistu eta oihuen aurrean ez duela ezer esan. "Dirudienez, Urkulluren kabinetearentzat pertsona batzuen eskubideak bigarren mailakoak dira eta ez dute bere babesa behar".

Koalizioak Berdintasun legea betearazteko eskatu du, eta iragarri du Eusko Legebiltzarraren hurrengo kontrol saioa azalpenak eskatuko dizkiola lehendakariari. Gainera, Beltran de Herediaren agerraldia ere eskatu du galdetzeko ea zer neurri hartuko dituen Segurtasun Sailak alarde parekideari jazarri eta hura "lehertzen" saiatu zirenen kontra. "Ertzainak erasotzaileen konplize bihurtu ziren", dio EH Bilduk.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.