Jaizkibel konpainiako kapitain ohi Izaskun Larruskainek hartu du hitza taldearen izenean. Iragan irailaren 8an Hondarribiko Kale Nagusian jasan zituzten erasoen irudiekin hasi du agerraldia; horren ostean, gune horretatik aparteko irudiak erakutsi ditu, txalo eta babes keinuenak. "Izan ere, herritarren gehiengoak konponbidea nahi du". Aldiz, gatazkan gotortuta geratu nahi duen gutxiengo batek urte askoan erabateko "zigorgabetasunarekin" jardun duela adierazi du, eta hortxe dagoela arazoaren muina. "Ez da neurririk hartu". Alarde fundazioa eta Hondarribiko Emakumeak taldea dinamika horretan elkarrekin ari direla esan du, eta laguntza behar dutela horietatik harago egiteko. Era berean, talde horiei bazterkeria keinuak eragotzi eta kritikatu behar zaizkiela argudiatu du: "Zigorgabetasuna moztu behar da".
Alde horretatik, adierazi du erakundeen esku hartzea ezinbestekoa dela, eta atzera egin dela azken hiru urteotan, foru gobernuak auzia Berdintasun Zuzendaritzatik Bizikidetza Zuzendaritzara igaro zuenetik. "Ez dizkigute posta elektronikoz bidalitako mezuak erantzun ere egiten". Aldaketa horrekin batera, foru agintariek hauspotu dute jaia ulertzeko "bi era" daudela, eta horrek arazoa gordindu egin duela salatu du Larruskainek. Izan ere, jarrera baztertzaileak defendatzen dituztenek horretarako "legitimitatea" dutela sentitu dute, eta hori aski arriskutsua da: "Pertsona guztiak errespetatu behar dira; ideia guztiak ez". Oroitarazi du arazoaren muinean dagoela alardea ulertzeko era bat baztertzailea dela: hori ezin dela inoiz ere ahantzi.
Bizikidetza zuzendari Maribel Vaquerorekin urteotan bilera bat bakarra egin dutela adierazi du Jaizkibeleko ordezkariak, eta, Markel Olano ahaldun nagusiari gutun asko igorri badizkiote ere, bakar bat ere ez diela erantzun. Erakunde arteko mahai bat eratu zen aurreko legealdian auzia konpontzen laguntzeko; jardunean ari dela dio foru gobernuak, baina Jaizkibel konpainiako ordezkariak azaldu du ez dutela horren gaineko informaziorik. EH Bilduko eta Ahal Dugu-ko ordezkariek ere esan dute organo horren aurreraurratsen inguruko argibiderik ez dutela jaso galdezka aritu badira ere.
Erakundeek aldaketarako tresnak dituztela uste dute Jaizkibelen. Izan ere, gatazka piztu berritan, desfile baztertzailearen aldekoek "pribatizatu" egin zituzten alardeak, eta, orain, esparru pribatu horretan defendatzen dute usadioa nahi duten eran berritzeko aukera: baita modu baztertzailean ere. "Baina alardeak, berriz publikoa balitz, parekidea izan beharko luke", gogora ekarri du Larruskainek. Udalak, ordea, jarrera baztertzaileak dituztenen defentsan jarraitzen duela nabarmendu du. Iragan irailaren 8tik, esaterako, alkatearekin bilerarik ez dute egin oraindik; aldiz, adierazi du badakitela jaiaren antolatzaile baztertzaileekin batzartua dela. Jaietan, halaber, ohikoak izaten dira udal gobernuak tradizioaren izenean dihardutenei aitortza erakusteko egiten dituen keinuak, eta horrelakorik ez du izan inoiz ere Jaizkibel konpainiarekin.
Miresmena eta esker ona erakutsi diete EH Bildu eta Ahal Dugu-ko ordezkariek Jaizkibel konpainiako kideei, eta atxikimendua egindako aldarrietan. PPk, PSE-EEk eta EAJko ordezkariek esan dute baztertu egin behar direla arbuio eta jazarpen keinuak.