Babes zabala jasoko du gaur Jaizkibel konpainiak Hondarribiko alardean. Gipuzkoako ahaldun nagusi Martin Garitano eta Berdintasunerako zuzendari Laura Gomez bertaratuko dira Diputazioa ordezkatuz. Gainera, EAEko Arartekoak, Aralarrek, Alternatibak, Ezker Batuak eta ezker abertzaleak ere konpainia mistoaren alde egin dute. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak, baina, berretsi egin ditu Herrizaingo Sailak ezarritako aldaketak. Horrenbestez, alardeko ibilbidea ohi baino bost minutu lehenago hasiko du Jaizkibelek —08:25ean— eta Harresilanda kaletik ezingo da igaro, Gernikako Arbola ingurutik.
Alarde eguneko aldaketen harira helegitea jarri zuen konpainiak, entseguko murrizketekin egin zuen moduan; baina auzitegi nagusiak bigarrengoz atzera bota du Jaizkibelen eskaria. «Neurriak errespetatuko ditugu, geure onerako izango delako; dena den, ekitaldi sinbolikoren bat antolatuko dugu ezinegona erakusteko», nabarmendu du Eli Olaskoagak, Jaizkibeleko kideak.
Hain zuzen ere, Jaizkibelen, gainerako konpainien eta Hondarribiko herritarren segurtasuna bermatzeko dira aldaketak. Halaxe adierazi du, behintzat, auzitegi nagusiaren epaiak. Gainera, azpimarratu du Herrizaingo Sailaren erabakiak emakumeak soldadutzat onartzen dituen konpainiari ez diola kalte «konponezinik» eragiten. Herriaren erdialdeko kaleetatik igaro ahal izango direla gogorarazi die kideei, haiek eskatzen zuten bezala, eta festetan parte hartzea «inolaz ere» ez zaiela ukatu.
Jaizkibeleko lagunek triste hartu dute ebazpena, baina alarde parekidearen alde lanean jarraituko dutela jakinarazi dute. «Guk festa giroan ospatu nahi ditugu datozen egunak, eta konpainiako gazteek oso ongi pasa dezaten saiatuko gara», azaldu du Olaskoagak. Udaletxearen aurrean, arkuen azpian, protesta moduko bat egingo dutela iragarri du. «Ezin dugu gauza handirik egin, baina gure jarrerari irmo eutsiko diogu».
Goizean goiz hasiko dute ibilbidea Jaizkibelekoek, gainerako konpainiek baino 35 minutu lehenago. Arma plazarantz joango dira zuzenean, Kale Nagusitik igarota. Ehunka lagun bilduko dira aurten, urtez urte kopuruak gora egiten baitu. «Jende asko alardearen egunean bertan etortzen da gurekin parte hartzera, nahiz eta entseguetan ez izan. Beren babesa erakutsi nahi dute horrela, eta asko eskertzen diegu». Olaskoagak argitu bezala, Jaizkibel konpainia manifestazio gisa irtengo da, ertzainen segurtasun neurriez lagundurik. Hala ere, horien beharrik ez izatea espero dute.
Erreakzio katea
Katean heldu dira erakunde publikoen eta agintari politikoen erreakzioak. Jaizkibel konpainiari inposatutako ibilbide aldaketak Berdintasunerako Legea urratu egiten duela adierazi zuen herenegun EAEko ararteko Iñigo Lamarcak, eta babes eta segurtasun maximoa sustatuz gero konpainiak ibilbidean posizio nagusia izatea berma zitekeela ziurtatu zuen. Horrez gain, ibilbide aldaketaren bidezalarde parekideak gizartean duen ikusgaitasuna ahultzea egotzi zion Herrizaingo Sailari. Laster erantzun dio Herrizaingo sailburu Aresek Lamarcari. Murrizketaren helburu bakarra parte hartzaileen eta ikusleen segurtasuna bermatzea dela esan du, eta, gainera, Lamarca ez dela «aditua» kontu horietan. Aldaketak unean unekoak izan direla eta desfile mistoari zein tradizionalari eragin diotela erantsi du.
Gipuzkoako Diputazioa, baina, ez dator bat Herrizaingo Sailarekin. «Ordena publikoa mantentzearen izenean, legez kanpokoa, baztertzailea eta emakumeen berdintasunerako eskubidearen urratzailea» den agindua ematea egotzi dio Berdintasunerako Zuzendari Laura Gomezek Jaurlaritzari. Era berean, «baztertzailetzat» jo du Aitor Kerejeta Hondarribiko alkatearen jarrera ere, zeinak alarde tradizionala soilik babesten duen. Alardea «bakarra, publikoa, jai girokoa, herrikoia, parte hartzailea eta parekidea» izan beharko litzatekeela irizten dio Gomezek. Hala, Martin Garitano ahaldun nagusiarekin batera Jaizkibel konpainiaren desfilean izango dela iragarri du, eta «babes osoa» emango diola, «urteetan bakarka egin behar izan duen borroka aitortze aldera».
Bestalde, Iñigo Lamarcak Eusko Legebiltzarrean agerraldia egin dezan eskatu du Aintzane Ezenarrok (Aralar). Arartekoak bere kexa Herrizaingo batzordeari azaltzeko aukera izan dezan erreklamatu du. Ezker Batua ere aritu da ibilbide aldaketaren karietara. Erabakiak emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna «kolokan» jartzen duela adierazi du. Hala, elkarretaratzea egingo du 08:00etan udaletxearen aurrean. Alternatibaren ordezkariek ere babestu dute alarde parekidea. Hamabost urteko borroka «gogorraren» ostean, emakumeak zigortu eta ezkutatzea«onartezin» jo dute, eta borrokan jarrai dezaten eskatu diete Irun eta Hondarribiko herritarrei.
Jaizkibeleko kideek sostengu zabala jasoko dute gaur Hondarribian
EAEko Auzitegi Nagusiak ez du onartu konpainia parekidearen helegitea; protesta keinu bat iragarri dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu