Jaizkibelgo zundatze planaren aurka joko du Bilduk

Bilduk dio 0,44 hektometro kubo ur lortzeko ez dela beharrezkoa lur azpitik ura ateratzea

Hondarribia
2011ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Hondarribiko (Gipuzkoa) Bilduko udalgintza taldeak mesfidantza azaldu du Jaizkibelgo lur azpiko urak ustiatzeko proiektuaren inguruan. Agiri ofizialetan aurkitutako kontraesanak azaldu zituzten atzo udalgintza taldeko kide Angel Alkain eta Jose Ramon Enparanek. Zundaketaren atzean «helburu ezkutuak» daudela eta horiek argitu nahi dituztela aditzera eman dute, eta beharrezkoabada lanak geldiaraziko dituztela.

Txingudiko Zerbitzuak SA enpresak, Irun eta Hondarribiko urak eta zaborrak kudeatzeko sortuak, eta Gipuzkoako Aldundiak Jaizkibelgo lur azpiko urak punpatzeko proiektu bat abian jarri dute. Helburua lehorteetan Hondarribiak Iruni eman behar dion ur kopurua bermatzea da, horretarako mendi azpian dauden putzuak erabiliz. Hasiera batean, egitasmoak ez zuen lehentasunik; baina, Alkainek adierazi duenez, dagoeneko hodiak sartzeko lanak hasi dituzte.

Hori ikusita, Hondarribiko Bilduk proiektuaren gaineko informazioa eskuratu nahi izan du, eta Ura ur agentziarajo zuen —Araba, Bizkai eta Gipuzkoako urak kudeatzeaz arduratzen da hori—. Donostiako egoitzan, ordea, ez zieten utzi txosten administratiboa ikusten, Alkainek esan duenez. «Harrituta, Gasteizko egoitza nagusira joan ginen, eta han agentziako buruekin bildu ginen; ez ziguten informaziorik eman, eta, gainera, oso deseroso sentiarazi gintuzten», nabarmendu du. Berriro ere Donostiara itzuli ziren uztailaren 18an, eta ur agentziako Gipuzkoako arduradun Xabier Iribarrekin bildu ziren. Hark testua irakurri zien, baina ikusten utzi gabe.

Azkenik, proiektuaren atzean zer ezkutatzen den argitzeko asmoz, Hondarribiko alkatearekin, Txingudiko Zerbitzuak SArekin eta Gipuzkoako Aldundirekin bilera egin zuten joan zen ostegunean.

Datu «susmagarriak»

Proiektuan azaltzen denaren arabera, besteak beste, Hondarribiak Iruni urtean 0,44 hektometro kubo ur eman behar dizkio lehorteetan. «Aurreikuspenek diote lur gaineko baliabideen bidez, hau da, Jaizkibelgo hiru errekaz baliatuta, 0,38 hektometro kubo emateko gaitasuna dagoela», azaldu du Alkainek. Horrenbestez, Bilduko ordezkarien irudiko, «zentzugabea» da 0,44 hektometro kubo ur lortzekofalta dena lur azpitik ateratzea. «Izan ere, hamaika milioi euroko inbertsioa egitea ez du merezi inguruko erreka batetik ur apur hori berehala lor badezakegu, eta, gainera, naturari kalte egin gabe», adierazi du.

Proiektuan aurkitu dituzten hainbat kontraesanen inguruan, baina, Hondarribiko alkateak eta gainerako ordezkariek erantzunik ez zietela eman salatu dute Alkainek eta Enparanek, eta, horregatik, Jaurlaritzara eta Gipuzkoako Aldundira joko dutela babes eske, lanak geratzeko eskatzera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.