Ikastolak

"Jakin dezatela ez garela prest 40-50 ikasleko gelak onartzeko"

Espero zutena baino bi aldiz jende gehiago elkartu da Baionan: 7.000 lagun. Denek egin dute bat Seaska ikastolaren aldarrikapenekin.

Seaskaren aldeko manifestazioa Baionan. EKHI ERREMUNDEGI
2018ko maiatzaren 4a
10:52
Entzun

Frantziako Gobernuarekiko harremanak martxoan eten zituen Seaska ikastolako zuzendaritzak, behar zituzten 25 irakasle postuetatik bakar batere ez zietela emango jakin ostean. Hori salatzeko danborrada jendetsua antolatua zuten ostiral honetarako, eta 3.200 ikasleren babesa lortzea zen haien helburua. Ordea, jarritako muga gainditu eta 7.000 pertsona inguru elkartu dituzte.

Mirentxu Ibargaraik argi utzi du euren jarrera, ez daude prest 40-50 ikasle arteko gelak onartzeko, "gure hezkuntza sistema defendatuko dugu". Antzera hitz egin du Ikastolen Elkarteko buru Koldo Tellituk ere, Kanbotik bueltan: "Etorkizunari begira aritu gara han. Zuek zarete etorkizuna. Baina guri dagokigu zuen oraina segurtatzea".

Kasu! Ikastola kexu lelopean abiatu dute manifestazioa arratsaldeko 16:30ak zirenean Baionako Poterne baratzeetan. Hur Gorostiagak, Seaska ikastolako zuzendariak BERRIAri azaldu dionez, dozena bat  postu galdegin zizkioten Hezkuntza Ministerioari, eta inspektoreak lau postu eta erdi hitzeman zizkieten. Baina martxoan bilera heldu zenean, hitzemandakoak ere ez zituztela beteko esan zieten. Hortik harremanak eten eta protestak deitu izana.

Manifestazioaren amaieran Paxkal Indok hartu hitza eta aldarrikatu du "ikasleak euskaldun eta eleaniztun bilakatu" eta gizartearekin duten kontratua bete ahal izateko "baldintza duinak" behar dituztela. Bide batez, gezurretan aritzea leporatu dio Ministerioko ordezkariari eta 25 irakasleren beharra dutela berretsi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.