Eutanasia

Jakinarazi dute eutanasia egin dela lehen aldiz Euskal Herrian

Osakidetzak egindako kasu bat dela esan dute, eta beste bi kasu aztertzen ari dela. DHE elkarteak eman du albistea; Jaurlaritzako Osasun Sailak ez du baieztatu.

DHEren protesta bat, eutanasia legeztatzearen alde, Bilbon. MARISOL RAMIREZ/FOKU
Maria Ortega Zubiate
2021eko abuztuaren 2a
11:25
Entzun

Osakidetzak egindako lehen eutanasia kasuaren berri eman du DHE Duintasunez Hiltzeko Eskubidea elkarteak, eta esan du Euskal Herrian egindako lehena izan dela; areago, zehaztu du Espainiako Kongresuak eutanasia onetsita legea egin zuenetik izandako lehenbiziko kasua dela. Elkarteak emandako informazioaren arabera, 86 urteko emakume batek eskatu du prozesua. Gehitu du beste bi lagunek ere abiatu dituztela eutanasia erabiltzeko tramiteak Osakidetzan. Dena den, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi du ez duela prozesuei buruzko informaziorik emango.

Ekainaren 25ean sartu zen indarrean eutanasia despenalizatzen duen legea Hego Euskal Herrian, eta hilabete pasatxora heldu da lehen kasua. Bide luzea egin zuen Espainiako Kongresuaren onespena lortu arte: tartean izan ziren gaixo larrien senitartekoek egindako sinadura bilketak; milioi batetik gora eraman zituzten Kongresura.

Legeak prozesua zehazten du, prozesua 40 bat egunen buruan bideratzeko helburuarekin. Eta, horretarako, eman beharreko pausoak zehazten ditu. Lehenengo, pazienteak eskaera boluntario bat egin beharko du era formalean, mediku baten aurrean. Medikuak gehienez bi eguneko epea izango du pazienteari argi adierazteko zein diren bere pairamena arintzen lagun dezaketen zaintza aringarriak. Pazienteak eskari hori berretsi beharko du, gutxienez hamabost egunen bueltan. Eta medikuak berriz aztertuko du kasua, eskea era «librean, autonomoan eta kanpoko presiorik gabe» egin duela ziurtatzeko.

Horren ostean, gaixoak duen arazoan aditua den bigarren mediku aholkulari batek aztertu beharko du kasua. Eta hamar eguneko epean txosten bat aurkeztu beharko du, baldintzak betetzen direla erakusteko. Pazienteak ondorio horien berri izan beharko du. Baina bi medikuak ez dira igaro beharreko galbahe bakarra: pauso horiek beteta, eskaria Berme eta Ebaluazio Batzordeko presidenteari helarazi behar baitio medikuak. Horrek, gehienez bi egunen buruan, batzordeko mediku eta legelari bat izendatuko ditu, zazpi egunen buruan aurkeztu beharreko txosten bat egiteko. Gainera, mediku arduradunarekin eta eskaera egin duenarekin hitz egiteko aukera izango dute.

Behin medikuaren eta legelariaren txostena aurkeztuta, bi egun izango dituzte ebazpena emateko, eta presidenteak mediku arduradunari jakinarazi beharko dio. Erabakia ezezkoa bada, errekurtsoa jartzeko aukera egongo da administrazioarekiko auzien jurisdikzioan. Baiezkoa bada, berriz, pazienteak medikuari adierazi beharko dio nola egin nahi duen. Hala nahi badu, eskaria atzeratzeko aukera ere badu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.