Jakin-mina eta itxaropena piztu zituen, joan den ekainaren 19an, Eusko Legebiltzarrak egindako eskariari erantzunez, Eusko Jaurlaritzak agindutakoak: plan eolikoaren egitasmoak geratu egin zituen, «erakundeen artean eta gizartean adostasuna lortu arte». Egitasmo asko naturguneetan aurreikusita zeudela-eta, natur arloko araudia kontuan hartuko zuela hitzeman zuen Jaurlaritzak. Arlo horretan EAJk gidatutako politikaren nolabaiteko zuzenketatzat jo zuten batzuek mugimendu hura, politika egiteko «estilo berriaren» emaitza.
Orain,zortzi hilabete ondoren, Jaurlaritzaren Industria Sailak desblokeatutzat jo du 14 parke eoliko egiteko tramitazioa. Ez du lortu erakunde guztiekin adostasuna -Arabako Foru Aldundiarekin, esaterako-, ezta gizarte eragileekin ere; eta, hala ere, duela zortzi hilabete mahai gainean zegoen antzeko plana eraman nahi du burura. Ganekogorta, Mandoegi eta beste hamabi lekutan parke eolikoak egingo dituzte; eta Gazume, Alda-Arlaba, Arkamu eta Iturrietako Mendietako egitasmoak -Natura 2000.sarekoak- atzeratu egin dituzte -ez baztertu-, Energia Eolikoaren II. Planean aztertu bitartean. Agindu dute Ordunte eta Kolometako egitasmoak utzi dituztela bertan behera, baina biak ere baztertuta zeudenlehenagotik ere, lege aldetik dituzten oztopoen ondorioz.
Gizartean kontrako jarrera sortzen duten hainbat egitasmorekin sarritan egiten dute hau agintariek: itzulinguru bat eman, eta haizearen norabidea aldatu dela irizten diotenean, leku berera itzuli; jantzi ezberdina duen, baina itxura oso antzekoa duen, beste plangintza batekin. Alkandora zaharra jantzi, estilo berriaz.
Jantzi zaharra, estilo berria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu